Abian da Ataungo 4. MITOALDIA

2021 / 09 / 28
egitaraua

Ataunen Joxe Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. Zehazkiro, ahozko tradizioa paperean bilduz altxorra utzi zion herriari eta horri esker, esate baterako, Jentilen Etorrera edota Gau Ibilaldi Mitologikoa ospatuz, Ataungo hainbat txoko eta istorio mitologiko ezagutarazten dira urtero herritarren zein bisitarien artean Jentilbaratza Kultur Elkartearen eskutik.
Aipatu jarduerak antolatzen dituen Jentilbaratza Kultur Elkartearen eta Barandiaran Museoaren arteko lankidetza ez da gaurkoa; urteak daramatzagu elkarlanean, beti ere euskal ondarearen berrabiltzean, ingurumen sentikortzearen sustapenean eta Ataunen osoko garapenean ekarpentxoa egiteko itxaropenarekin. Lankidetza giro horri eusteko eta aipatu helburuak aitzineratzen jarraitzeko MITOALDIA izeneko ekimen sendoa jarri genuen abian Jentilbaratza Kultur Elkarteak eta Barandiaran Museoak. Aurreko urteetako erantzuna ikusita, aurten berriro ere sendotuta eta handituta dakarkigu proiektua.

Hona hemen aurtengo egitarau zehatza:

Urriak 1, ostirala, 19:00tan.  Hitzaldia Herri Antzokian:  “Mitoak eta kontu zaharrak, Joxe Arratibel”.   Bernardo Atxaga eta Miel Anjel Elustondo.

Urriak 9, larunbata, 9.30tan. Ibilaldi gidatua:  “Ergoiena, Ataungo birika”. Jon Aizpurua. 
Jon Aizpuruaren gidaritzapean Ataungo gune esanguratsuenetako batean barneratuko gara, San Gregoriotik Ergoiena auzora  Joxe Arratibelen kabi, bere bizitzan izan ziren leku garrantzitsuak  ezagutzeko aukera izango dugu eta beste legenda eta ataundar ospetsuei buruzko azalpenak ere emango dira. 2 ordu inguruko ibilaldia izango da.

Urriak  20, asteazkena, 19:00tan. Hitzaldia Barandiaran Museoan: “MITOLOGIKAtik JENTILAKera”. Aritza Bergara.
Mitologiaren munduak liluratuta bere pasioa orain literaturara murgildu du Aritzak. Eta hemendik sortu da “Jentilak” trilogia. Hitzaldiaz gain, Ataunen bigarren eleberriaren aurkezpena  egingo du aldi berean. 

Urriak 29, ostirala, 19:00tan. Hitzaldia Herri Antzokian: “Jentilen arrastoen atzetik”, Paco Etxeberria.

Paco Etxeberria, espeleologoa ere izanik  Ataungo koba zuloak ondo asko ezagutzen ditu bere gaztaroan bertan ibili zelako ikerketa lanetan.  Lur azpiko munduan sartzen lagunduko digu zientzia eta sinesmenak uztartuz. OHARRA: hitzaldia gazteleraz izango da.

Urriak 30, larunbata, 18:00tan. Herri Antzokian FILMEN PROIEKZIOAK: “DAR_DAR” eta “ANDEREA” .
DAR-DAR laburmetraia (10’) Barandiaranek jasotako euskal mitologiako legenda bat da. Paul Urkijo da bere egilea eta munduan zehar sari eta errekonozimendu asko jaso ditu.
ANDEREA (78’) euskal mitologiaren ardatz nagusiari buruzko dokumentala da, MARI jainkosari buruzkoa. Yolanda Mazkiaran altsasuarrak egindakoa. MARI, naturaren pertsonifikazioa da. Dokumental errealista eta onirikoa, euskal mitologiaren numen nagusian oinarritua, Mari edo Anbotoren dama, paleolitotik gaur egun arte Euskal Herriaren oroimen kolektiboan bizirik iraun duen dama antzinakoa eta misteriotsura gerturatuko gaitu. 

Azaroak 6, larunbata, 19:00tan eta 21:00etan: JENTILEN ETORRERA (40 urte).
1981ean sortu zen eta Euskal Mitologian oinarritutako ikuskizun berezia da. Herri antzerkia zutabe eta garai bateko sinesmenak ardatz. 50 herri aktorek hartzen dute parte, 150 bat lagun kale ibilaldiko pertsonai eta antolaketa lanetan.
Jentil, sorgin, Torto, Basajaun, Akerbeltz, Zezengorri, Samartin Txiki eta beste zenbait pertsonaia mitologiko izaten dira tartean.

Informazioa gehiagorako:

www.jentilbaratza.eus / barandiaran@gipuzkoanatura.eus

943 18 03 35 / 688 895 069