Atrás Aiako Harriko natura-parkearen eguna ospatuko da ekainaren 1ean, Aritxulegin

2025 / 06 / 01
Aiako Harriko natura-parkearen eguna

Aiako Harriko natura-parkea probintziaren ipar-sortaldean da eta 69 kilometro koadroko azalera du. 1995ean izendatu zen.

Gure natur eta kultur ondarearen arteko lotura banaezinaren erakusleiho paregabea da, kultur paisaia garbi-garbia. Izan ere, natura-parkeko gaurko paisaia hiru giza jarduerek itxuratu dute nagusiki: abeltzaintzak, basolanak eta meatzaritzak. Aiako Harriko gaurko ekosistemak, neurri handi batean, hiru jardun horiek moldatutakoak dira, altxor preziatuenetariko bat diren mendiko larreak edota zuhaitz lepatuak lekuko –askok uste ez bezala– ez direlako berezkoak, betidanikoak, gizakiak sortutakoak baizik.

Natur ondarearen babesleku eta gordeleku ez ezik, Aiako Harriko natura-parkea aisia-leku ezinbestekoa ere bada gipuzkoar askorentzat egun. Asko dira ingurumenaz eta ikusmiraz gozatzera, nolabait esan, «egurastera», Aiako Harrira edo Errenga aldera joaten diren herritarrak. Eginkizun garrantzitsua betetzen du alde horretatik ere.

Aiako Harriko natura-parkearen garrantzia aitortzeko, hau da, gipuzkoarrei hango landaretzak, faunak, abeltzaintza jarduerak eta aisia aukerek egiten dieten ekarpena goresteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak «Aiako Harriko natura-parkearen eguna» antolatu du ekainaren 1ean, Oiartzungo Udalaren laguntzarekin .

Ekimen honen helburua, natura-parkeko ondarea ezagutzera ematea eta hartaz gozatzeko era asko daudela iradokitzea da.

Ospakizunaren data ez da halabeharrezkoa. Batetik, artzainak mendiko larreetan dauden sasoia lehenetsi da. Bestetik, Europa mailako maiatzeko bi ospakizun aintzat hartu dira eguna zehazterakoan: 21ean Natura 2000 eguna eta, handik gutxira, 24an, Europako natura-parkeen eguna ospatzen dira Batasun osoan.

Ospakizuna gauzatzeko, esanguratsua, ederra, irisgarria eta bertan artaldea dagoen gunea aukeratu da: Aritxulegi.

Programa

Ospakizuna 10:30etan hasiko da. Hara ailegatutakoan, parte hartzaileek han izango den artaldea bertatik bertara ikusteko eta sentitzeko parada izango dute eta aditu batek natura-parkean betetzen duen eginkizuna azalduko die, baita nola zaintzen eta ustiatzen den ere.

Ondoren, basozain batek Basabizin, Aldundiak Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko Urnietan duen zentroan, artatutako eta sendatutako hegazti bat askatuko du. Aurretik, basozainak Basabiziren funtzionamenduaz eta askatuko den hegaztiaren nondik norakoari buruzko argitasunak emango ditu.

Segidan euskal makila borroka jokoa erakustaldia izango da Oiartzungo elkarte baten eskutik. Teknika hori borrokarako eta defentsarako erabiltzen zen denbora joanetan Euskal Herrian, bai ezpaten aurka, bai aiztoei aurre egiteko, bai beste makilaz edo esku hutsik zetorrenari oldartzeko.

Hori bukatutakoan musikaren txanda izango da. Hain zuzen, Et Incarnatus talde entzutetsuko soka lauko-boskote batek «Menditik itsasoraino dantzan (I)» emanaldia eskainiko du Migel Zeberioren zuzendaritzapean.

Azkenik, saioa burutzeko, gazta dastaketa (eta salmenta) izango da. Edalontzia norberak eraman behar du etxetik.

Parte hartzeko interesa duenarentzat

Egun horretan ezingo da (arrazoia justifikatu gabe) Aritxulegira autoz joan. Pagoaldea poligonoan etengo da errepidea. Aldundiak doako autobusa jarriko du Beasaindik, Tolosatik eta Oiartzundik Aritxulegiraino. Zerbitzu hori erabiltzeko ezinbestekoa izango da izena ematea (arditurri@gipuzkoanatura.eus / 943494248 / 688895068).

Zerbitzu hori erabili nahi dutenentzat, honatx autobusen ordutegiak: Goierritik datozenentzat, autobusa goizeko bederatzietan irtengo da Beasaingo tren geltokitik eta 9:25ean Tolosan (Igerondo kaleko 1 zenbakiko geltokian, Napar zubiaren parean) geldialdia egingo du.

Oiartzundik Aritxulegira autobusez igo nahi dutenentzat, Karla Lekuona futbol zelaiaren paretik aterako da 10:00etan. Autobus hori Pagoaldea poligonoan geratuko da, autoa han utzi duten oiartzuarrak eta kanpotarrak jasotzeko 10:10ean.

Ospakizuna 13:15ak aldera bukatuko da eta autobusak 14:00etan aterako dira. Tarte horretan, nahi duenak, ondoko aterpetxean zerbait hartzeko aukera izango du.

Hiruak izango dira arratsaldean autobusa Beasainera heltzen denerako.

Oinez joan nahi dutenak, taldean (Gipuzkoako Parketxe Sareko ingurumen-hezitzaileen gidaritzapean), Arditurriko parketxean elkartuko dira goizeko bederatzietan eta joateko ordu eta laurdeneko/erdiko bidea egingo dute. Horrenbestez, komeni da mendian ibiltzen ohituta egotea eta ura nahiz oinetako aproposak eramatea. Ume oso txikiekin joan nahi dutenentzat ez da bereziki egokia. Bestalde, ezingo da txakurrik eraman. Parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea.