Atrás Aintzinateko jainko-jainkosak (eta Zegama izena) hitzaldia (Azaroak 24)
(Zegama, 2022ko azaroaren 14ean). Gurean gaurdaino aurkitu diren Antzinaroko euskal ondareko hizkuntzaren aztarna gehienak jainko eta jainkosen izenak dira. Akitanian dagoen lekukotasun multzoarekin alderatuz gero, sortatxo hori hutsaren hurrengoa da, baina, alde guztietara, jakinik pertsona izenak are urriago direla, garbi ageri da aldareetan azaltzen diren jainko izenak direla garai bateko hemengo euskal hizkuntza ikertzeko iturri nagusia.
Banaka hartuta, aldareetan antzemandako datuak ez dira adierazle erabakigarriak, baina, batera hartuz gero, guztien artean erromatar garaian Euskal Herriko eremu zabal batean Akitaniakoaren (eta Soriako iparraldekoaren) alor berekoa zen euskal hizkuntza zerabiltela egiaztatzen dute, bereziki Nafarroan.
Hain zuzen, burutu berri duen ikerketan, bertako jainko-jainkosen izenak aztertuz, Luis Mari Zaldua erromatar garaiko euskal hizkuntza ezaugarritzen ahalegindu da eta, bidenabar, ahal den neurrian, mintzaira hark Euskal Herrian harrapatzen zuen lurraldea finkatzen.
Hitzaldiaren azken zatian jainko eta jainkosen izenen azterketak Zegama herri izenaren nondik norakoa ulertzeko egiten duen ekarpena aurkeztuko die bertaratzen direnei.
Luis Mari Zaldua Etxabe euskal filologian doktorea eta euskaltzain urgazlea da. Hainbat liburu eta artikulu idatzi ditu euskararen historiaz eta geografiaz.
Hitzaldia azaroaren 24an (ostegunez) izango da, Anduetza Parketxean, arratsaldeko 7etan. Sarrera doakoa izango da.
Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko:
anduetza@gipuzkoanatura.eus
943 80 21 87 / 688 62 36 09
www.gipuzkoanatura.eus