Atrás ARKEOLOGIA ATAUNEN

09 / 04 / 2025
ATAUNGO ONDAREA

Ia 110 urte igaro dira Joxemiel Barandiaranek Jentilbaratzako indusketa arkeologikoa egin zuenetik. Harrezkeroztik ugariak dira Ataunen agertu diren aztarnategiak eta haietan egin diren aurkikuntzak. Arkeologo askorentzat eremu oparoa izan da Agautza ibaiak zeharkatzen duen harana. Behe eta Erdi Paleolitotik hasi eta Erdi Aroa bitarteko ehundaka aztarna topatu dituzte eta aurkikuntza hauei esker Aralar inguruan bizi izan diren gizakien kulturen berri izan dugu. 

Ataungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “Arkeologia Ataunen” izeneko erakusketa antolatu dute elkarlanean. Barandiaran Museoan ikusgai izango den erakusketa honetan, herrian aurkituriko ia 50 pieza esanguratsuenak ikusteko aukera izango da, besteak beste: Usategiko isturitz motako azagaia, Pikanditako arrankazia edo arpoia, Allekoaitzeko lehoinabarraren garezurra, Usategiko denarioak edota Jentilbaratzako eraztun ezaguna.

Pieza hauen kokapenak eta testuingurua interpretatzen laguntzeko panelak sortzeko lanak ere burutu dira eta erakusketak irauten duen bitartean ikusgai izango dira Barandiaran Museoan bertan. Gainera, apiriletik ekainera bitartean hitzaldi eta ekintza ziklo oparoa antolatu da eta protagonisten artean Ataunen lanean aritu diren arkeologoak, paleontologoak eta espeleologoak izango dira.

ORDUTEGIA

Asteazkenetik igandera 10:00-14:00

ARKEOLOGIA ZIKLOA

Erakusketarekin batera Arkeologia Ziklo bat ere antolatu da. Ikusi hemen egitarau osoa

Barandiaran Museoko hitzaldietan parte-hartzeko: 943 18 03 35 / 688 895 069 / barandiaran@gipuzkoanatura.eus

ANTOLATZAILEAK ETA LAGUNTZAILEAK

Ataungo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Aranzadi, EHU, Gipuzkoako Parketxe Sarea, Gordailua, Atauniker eta Barandiaran Fundazioa.