Atrás Hala bazan eta ez bazan... atera dadila Aiako dema plazan

06 / 05 / 2021
Jentilbaratza ipuin kontaketa

Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar.

Ataunen Jose Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. Zehazkiro, ahozko tradizioa paperean bilduz altxorra utzi zion herriari eta horri esker, Ataungo hainbat txoko eta istorio mitologiko ezagutarazten dira urtero Jentilbaratza Kultur Elkartearen eskutik.

Ekainaren 19an, larunbatarekin, saio berezia eskainiko da Aiako probalekuan, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak antolatuta. Euskal mitologiazko hainbat elezahar, mito, kondaira zein ipuin kontaketa saioa egingo da. Kontalaria “Marimunduko” izango da, Maitane Aizpurua ataundarra eta Jentilbaratza Kultur Elkarteko kide, baina, ez da bakarrik etorriko… Aukera paregabea da, Jose Migel Barandiaranek jasotako kondaira mitologikoak ezagutu eta giro goxo eta magiko batean arratsaldea familian igarotzeko. Ordubete inguruko saioa izango da, arratsaldeko 18:00etan hasiko dena. Aurrez erreserba egitea nahitaezkoa izango da eta prezioa 4€-koa da pertsona bakoitzeko.

Covid-19 osasun-prebentziorako segurtasun neurri guztiak hartuko dira: musukoa eramatea derrigorrezkoa izango da, distantziak mantenduko dira eta eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa egongo da.