Atrás Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak Arantazun (maiatzak 27)

27 / 05 / 2023
arantzazu 2023

Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar.

Ataunen Jose Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. Zehazkiro, ahozko tradizioa paperean bilduz altxorra utzi zion herriari eta horri esker, hainbat txoko eta istorio mitologiko ezagutarazten dira urtero Jentilbaratza Kultur Elkartearen eskutik.

Maiatzaren 27an, larunbatarekin, saio berezia eskainiko da Gandiaga Topagunean, Arantzazu Parketxearen parean, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak eta ArantzazuLab-ek elkarlanean antolatuta.  Euskal mitologiazko hainbat elezahar, mito, kondaira zein ipuin kontaketa saioa egingo da. Txanda bakarra egongo da arratsaldeko 16:30ean .  Kontalaria “Marimunduko” izango da, Maitane Aizpurua ataundarra eta Jentilbaratza Kultur Elkarteko kide, baina, ez da bakarrik etorriko… Aukera paregabea da, Jose Migel Barandiaranek jasotako kondaira mitologikoak ezagutu eta giro goxo eta magiko batean arratsaldea familian igarotzeko. Aurrez erreserba egitea nahitaezkoa izango da eta prezioa 5€-koa izango da pertsona bakoitzeko. 

Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko: 
943 78 28 94 / 699 335 183
arantzazu@gipuzkoanatura.eus
www.gipuzkoanatura.eus