Atrás Euskalduntze Berantiarraren teoriaz (hitzaldia Anduetza parketxean, azaroak 30)
Hitzaldia: Euskalduntze Berantiarraren teoriaz
Noiztik hitz egiten da euskaraz Zegaman?
Euskara Euskal Herriko zenbait eremutara Antzinaroaren amaieran heldu zelako teoria, alegia, erromatarrak iritsi zirenean hainbat tokitan euskal enborrekoa ez zen hizkuntza batean mintzatzen zirelako ustekizuna, ez da atzo goizeko ideia linguistikoa.
XX. gizaldiaren lehen erdian zenbait ikertzailek bultzada garrantzitsua eman zioten, baina (hiru gizaldi lehenago) Arnaut Oihenart zuberotarra izan zen euskara ondoko lurraldeetara nafarrek (baskoiek) Erdi Aroaren hasmentan eraman zutela iritzi zuen aurrenekoa.
Ñabardurak-ñabardura, egun bizirik dirauen ustekizuna da. Hain zuzen, gaurko zenbaiten aburuz, dagoen informazio apurra aski da Antzinaroan Euskal Herriko zenbait tokitan latinaren aurreko mintzaira indoeuropar (zelta) bat gailentzen zelako hipotesia proposatzeko. Haatik, egungo euskalari asko –joan den gizaldian Caro Baroja edo Mitxelena bezala– ez datoz bat teoria horrekin eta uste dute erromatarren denboran euskaldunak, alderik alde, hemen bizi ginela.
Hizlaria, Luis Mari Zaldua Etxabe, euskal filologian doktorea eta euskaltzain urgazlea da.
Hitzaldia azaroaren 30ean arratsaldeko 7etan izango da Anduetza Parketxean. Sarrera dohainik izango da.
Covid-19 osasun-prebentziorako neurriak hartuko ditugu: Talde txikia izango da, segurtasun-distantziak mantenduz, eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa eramango dugu eta musukoaren erabilera beharrezkoa izango da.
Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko:
anduetza@gipuzkoanatura.eus
943 80 21 87 / 688 62 36 09
www.gipuzkoanatura.eus