Atrás Okilak, gure basoetako arotzak

12 / 03 / 2023
Okilak, gure basoetako arotzak

Haritz eta pago zaharrez osatutako gure baso zabaletan okilak bizi dira urte guztian zehar, baina udaberria da habiak egiteko sena pizten zaien garaia. Gehienetan, enborretako eremu altuenetan egiten du bikote bakoitzak zuloa babesleku aproposa eraikitzeko asmoz eta bertan txitatzen dituzte beraien arrautzak. Baina zuhaitz-txori erlazio horretan okila ez da etekina ateratzen duen bakarra, naturan hainbeste ematen den sinbiosian bizi baitira biak. Izan ere, moko fin, mingain luze eta buru-hezur lodiari esker, okila zuhaitz zaharrei garbiketa eta mantenu lanak egiteko gai da. 

Hegazti hauen inguruan gehiago jakitera emateko asmoz, martxoaren 23an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Aitor Lekuona Alzugaray aditua izango da okilen inguruko hitzaldiaren eta ibilaldiaren gidaria. Espezie berezi honi buruzko informazio guztia Iturraran parketxean eman ostean, ibilaldi labur bat egingo da bere jantokietaraino, aukera balego, hegaztia entzunez eta ikusiz.

Solasaldi eta ibilaldi hauetan parte hartzeko leku mugatua dago, beraz, aurrez erreserba egitea nahitaezkoa da. Prezioa 4 €-koa da 12 urtetik beherakoentzat eta 6€-koa 12 urtetik gorakoentzat. Jarduera 10:00etan hasiko da eta 2 ordu inguru iraungo du. Prismatikoak eramatea gomendatzen da. Saioa euskaraz izango da.

Informazio eta erreserbak:

iturraran@gipuzkoanatura.eus

943 83 53 89