Atrás Pagoeta natura-parkearen eguna ekainaren 7an
Datorren ekainaren 7an, igandean, «Pagoetako natura-parkearen eguna» antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuak, Pagoetako natura-parkearen garrantzia aitortzeko helburuz, alegia, gipuzkoarrei bertako landaretzak, faunak, abeltzaintza nahiz nekazaritza jarduerek eta aisia aukerek egiten dieten ekarpena balioan jartzeko. Aurtengoan egitarau bateratua landu da, Pagoeta Mendizale Elkartearekin eta Aiako Udalarekin zein Etorlur sozietate publikoarekin lankidetzan.
Ospakizunaren datari dagokionez, ekainaren 7a ez da halabeharrez aukeratu; Zarauzko Pagoeta Mendizale Elkarteak hamarkadak daramatza Pagoeta eguna antolatzen eta aurtengoa 60. edizioa izango da. Bestalde, urtero maiatzean Europa mailan egiten diren bi ospakizun ere hartu dira kontuan data zehazterakoan: 21ean Natura 2000 eguna eta 24an Europako natura-parkeen eguna ospatzen dira hurrenez-hurren.
Egitaraua
Foru Aldundiak antolatutako ekintzak 10:15ean hasiko dira Pagoetako gailurrean eta eguerdia bitartean luzatuko dira. Bertaratzeko, bi abiapuntu zehaztu dira: Aia bata eta Zarautz bestea.
Aiatik bertaratu nahi duten parte-hartzaileak goizeko 9:00etan abiatuko dira taldean Gozategi plazatik eta joateko ordubete pasatxoko bidea egingo dute oinez, Gipuzkoako Parketxe Sareko ingurumen-hezitzaileen gidaritzapean. Itzulera bidea 13:00etan egingo da, hezitzaileekin batera.
Ibilbidearen ezaugarriak kontuan hartuta, mendian ibiltzen ohituta egotea eta ura nahiz oinetako aproposak eramatea gomendatzen da (ibilbidea ez da bereziki egokia ume txikiekin egiteko eta zakurrak ere ezingo dira eraman).
Zarauzko kasuan, abiapuntua Guria taberna izango da eta ibilaldia goizeko 08:30ean hasiko da.
Behin Pagoetako gailurrera heltzean, parte-hartzaileek harrapa-lekuan izango den pottoka elia gertutik ikusteko eta ezagutzeko aukera izango dute; horretarako, Gipuzkoako Pottokazale Elkarteko adituak espezie honen inguruko berezitasunak azalduko ditu (zaintza, ustia-lekuak…).
Ondoren, Basabizin, Aldundiak Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko Urnietan duen zentroan, artatutako eta sendatutako hegaztiaren askatzea egingo da. Aurrez, Foru Aldundiko basozain batek Basabiziren funtzionamendua eta askatuko den hegaztiaren nondik norakoak azalduko ditu.
Segidan euskal makila borroka jokoaren erakustaldia izango da Oiartzungo taldearen eskutik. Teknika hori borrokarako eta defentsarako erabiltzen zen antzina Euskal Herrian, bai ezpaten aurka, bai aiztoei aurre egiteko, bai beste makilaz hornituta zetorrenari oldartzeko ere.
11:30etan meza izango da gurutzearen ondoan eta gero trikitia Zarauzko TRIK Kultur elkartearen eskutik.
Goiz osoan zehar, halaber, izango da zer jan eta zer edan, Zarauzko Pagoeta Mendizale Elkarteari esker; edalontziak, baina, norberak eraman beharko ditu.
Pagoetako natura-parkea
Pagoetako natura-parkea, probintziaren bihotzean kokatzen da eta 29 kilometro koadroko azalera du. 1998an eremu babestu izendatu zen eta 2012an Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izatera pasa zen.
Parkearen % 88 Aiako udal barrutian dago eta gainerakoa Zarautz eta Zestoako udalerrietan. Sail gehienak Gipuzkoako Foru Aldundiarenak dira.
Gure natura eta kultur ondarearen arteko lotura banaezinaren erakusleiho paregabea da Pagoeta, bertako egungon paisaia bereziki hiru jarduerek itxuratzen baitute: abeltzaintzak, nekazaritzak eta basogintzak.
Natur ondarearen babesleku eta gordeleku ez ezik, Pagoetako natura-parkea aisia-lekua ere bada gipuzkoar askorentzat. Asko dira ingurumenaz eta ikusmiraz gozatzera, mendi gailurrera ez ezik (714 m), Iturraran aldera joaten diren herritarrak. Eginkizun garrantzitsua betetzen du alde horretatik ere.
