Atrás Parketxeak itxita, baina txoriak txori!
(Ataun, 2020/04/30) Gizakiok etxe barruan egotera beharturik gauden asteotan, gainerako bizidunek aske jarraitzen dute, inoiz baino libreago. Ez hori bakarrik, udaberriarekin batera, esnatu egin direlako eta Gipuzkoako inguru eta bazterrak berdez, horiz eta beste hainbat kolore biziz apaindu dituztelako.
Natura, jakintsua ez ezik, errukitsua ere bada eta izaki horietako batzuk, itxialdia arindu nahian edo, kontu-kontari hurbildu zaizkigu gure kaiolaraino. Parketxeek itxita jarraituagatik, natura-parkeak inoiz baino irekiago eta biziago daudela esatera etorri ote dira?
Ateak itxita izatea beste erremediorik ez dugun honetan, zabal ditzagun leihoak (eta bihotzak) txoriak, doinu alai batekin, txioka, kantari, esaten ari zaizkiguna entzuteko: ez al duzue inoiz ikasi behar?
Txoriak txori!