Atrás Otoño, tantas actividades como colores!
Gipuzkoako parketxe sareak abendu arteko programazioa plazaratu du,
inoiz baino nabarragoa dena
Udazkenean sartu gara, hori dio egutegiak. Hondartzak husten eta ikastetxeak berriro betetzen diren unea. Herrietako festak ere bukatzen ari zaizkigu eta zuhaitz batzuk kolorez aldatzen hasiak dira dagoeneko, egutegiak gezurrik esaten ez duelako seinale. Garai batean gure mendietan harrapazka sasoia izaten zen hau, presaka –azpiak egiteko– ahalik eta garo gehien biltzeko aldia.
Natura eta kultur paisaiak maite dituztenek, harrapazkan aritzen ziren familiek bezala, lanak izango dituzte Gipuzkoako parketxeek udazkenerako prestatu duten egitarauak eskaintzen dituen jarduera guztiei ahalik eta etekin gehien ateratzeko. Guztiak aipatzeak luze joko lukeenez, parketxe bakoitzeko batzuk besterik ez ditugu ahotan hartuko hemen; nahi duenak Fundazioaren web orrian (gipuzkoanatura.eus-en) izan dezake gainetikoen berri edo, bestela, parketxeren batera telefonoz hots egin dezake.
Iturraranen (Aian), haien oinatzei, ileei eta bestelako arrastoei erreparatuz, goiz batez animalien ikertzaile izaten erakutsiko diote nahi duenari. Era berean, ogia egiten ikasteko tailerra eta Agorregiko burdinolaz eta errotez gozatzeko aukera izango da.
Ataun aldean ere makina bat proposamen atondu dituzte datozen asteotarako: ipuin kontaketa antzeztua (Jentilbaratza elkartearen eskutik), Iztueta baserrian esnekien sekretuez jabetzeko bisitak (dastaketa eta guzti, jakina), Lareo eta Arritzaga aldera irteera bana...
Oiartzun aldera hurbiltzen dena ere ez da aspertuko udazken honetan, Muniskuegañeko eta Oielekuko aztarnategi megalitikoetara txango bana ez ezik, Adarrazpi gaztandegira bisita antolatu baitute (dastaketa barne, noski).
Arantzazuko parketxean, berebat, gaztagintzak izango du bere tartea, Gomiztegiko artzain eskolaren laguntzarekin. Gauza bera ipuin eta mito zaharrez denaz bezainbatean, Marimundukok bertara hurbiltzen diren haur (eta guraso) guztiak aho bete hortz utziko baititu bere kontakizunekin. Bukatzeko, aparteko saioa izango da Oñatiko egoitzan: liho landarearen erabileraren berri izateko goiz bateko ikastaroa.
Alfabetoaren ordenan azkena da, baina jardueren antolaketan ez da atzera geratzen Zegamako Anduetza parketxea, ez horixe. Pago motzen ondarea aurrez aurre ikusteko txangoa, ipuin kontaketa antzeztua, liho landareari buruzko ikastaldia eta bestelako zenbait hitzaldi izango dira Aizkorripean.
Urtero legez abenduan Olentzero protagonista izango duten saioak ez dira faltako Goierrin, Ataunen eta Zegaman zehazkiro. Orduko, zuhaitzak biluzik izango dira eta eguraldia hotz, baina eguna luzatzen hasita egongo da. Bitartean goza dezagun udazkenaz eta, denbora joanetan bezala, festa bihur dezagun ingurunea soinekoz aldatzen den garaia. Presta gaitezen gu ere azeri ezteietarako.