Atzealdea "Euskara eta natura" txango gidatua (Ataunen, apirilak 10)
Luis Mari Zaldua Etxabe euskalariarekin, mintzairaren eta izadiaren arteko harremana aitzakiatzat hartuta
Hizkuntzak ikuspegia irudikatzen du eta paisaiak mintzaira eratzen. Izadiaren eta euskararen arteko lotura estua da, gurean, gizakiaren eta naturaren arteko elkarrekikotasuna ez delako atzo goizekoa, aspaldikoa baizik.
Euskararen eta naturaren arteko harremanaren lekuko dira, adibidez, tokien izenak nahiz klimak eta urtaroen urtetik urterako gorabeherek izaki bizidunetan duten eragina biltzen duten errefrauak. Bestalde, azken urteotan «hizkuntza ekologia» izenarekin ezagutzen den azterbideak gero eta indar gehiago du.
Hizkuntzaren eta izadiaren arteko lotura hertsia mintzagaitzat (aitzakiatzat) hartuta, Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak txangoa antolatu du Ataunen, zehazkiro Sara ibilbidean zehar, apirilaren 10ean. Nornahik egiteko modukoa da eta Luis Mari Zaldua Etxabe euskalariak gidatuko du.
Paisaiaren xehetasunak, lekuen deizioak, landareen izenak, urtaroei buruzko esaerak, koloreen ñabardurak, ahozko tradizioa, gizakiaren urratsa..., horiek izango dira, besteak beste, bidean zehar erabiliko diren auzi edo gaiak.
Ingurumenarekiko errespetua ez ezen, natura ezagutzearen «erabilgarritasuna» azpimarratu nahi da, egunerokotasunean batik bat, horretarako nekazariek eta abeltzainek aipatu jakintza hori nola erabili duten ikusiz. Lurrari kasu egiten ikasten hasteko, ibilbidean zehar, izaki bizidunak eta kultur paisaiak ikusi ahala, gidariak azalpenak emango ditu, galde-erantzunak erabiliz.
Abiapuntua eta helmuga Ataungo San Gregorio auzoan kokatzen den Barandiaran Museoa izango da eta garai bateko herri-bideak, baserriak, baso eta larreak, erreka bazterrak eta beste eremu batzuk batzen diren ibilbide erraz, lasai eta ederrean zehar ibiliko gara. Txangoak hiru bat ordu iraungo ditu eta bere prezioa 5€koa izango da. Joan nahi duenarentzat, hitzordua goizeko 10etan da. Ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.
Informazio gehiago eskuratzeko: barandiaran@gipuzkoanatura.eus / www. gipuzkoanatura.eus / 943 180335 / 688 895 069