Atzealdea "Natura Eskape" jolas berria

2025 / 04 / 18
Natura Eskape

Bartolome fraideak mundu osoko hainbat baso bisitatu ditu bere bizitzan zehar. Bidean balio handiko altxor sekretu bat bildu du eta orain Zegamara iritsi nahi du, txikitan bizi izan zen herrira, bertan altxor handi hori ezkutatzeko. Iristear dela norbait atzetik dabilkiola konturatu da. Beldur da altxorra lapurtu nahi ote dioten. Lagunduko al diozu? 

Zegamako Udalak eta Anduetza Parketxeak “Frai Bartolomeren misterioa” izeneko “Natura eskape” jolas berritzailea sortu dute eta, hainbat hilabeteko lanaren ostean, prest dago Aste Santuan estreinaldia egiteko. 

Azken urteetan moda-modan jarri diren "Escape room" talde-jokoan oinarritua dago eta adin guztietako bisitariek erabili ahal dute; halere, familiei eta lagun-taldeei zuzendua dago nagusiki. Parte-hartzaileek hainbat enigma argitu behar dituzte, jolas eta frogen bitartez, Frai Bartolomeren altxorra ezagutzeko. 

"Natura Eskape" jolas hau berezi-berezia da, aire librean egiten delako eta Anduetzako arboretum-ean bakarrik jolastu daitekeelako. Parketxean bertan hasi eta alboan dagoen arboretum-ean garatuko da osotasunean. Parte-hartzaileei zakuto bana ematen zaie jokoan zehar behar dituzten zenbait elementurekin. Zakutoa hartuta arboretum-era joan behar da: han beste zenbait elementu ere daude deskubritzeko.  

Jolasean atal digital bat ere badago, eta parte-hartzaileak QR kode baten bidez iritsiko dira bertara. Mota honetako edozein jokotan bezala, denbora-muga bat dute Frai Bartolomeren altxorra topatzeko.  

Landuko den istorioak basoa, zuhaitzak eta zura ditu protagonista. Gai horien inguruan ikasteko, jolasteko eta irudimena lantzeko tarte dibertigarria da beste ezer baino gehiago. 

Jarduera berriaren sorreran eta ekoizpenean ezinbestekoa izan da Zegamako Udalaren laguntza. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuaren diru-laguntza ere izan du. Horrelako ekimenen bitartez berrikuntzaren eta digitalizazioaren arloan urratsak ematen ari gara, baina, naturarekin harreman zuzena izatearen garrantzia ahaztu gabe. 

“Natura Eskape” jarduera berria ez dago bakarrik Zegamara hurbilduko den publiko familiarrari zuzenduta, hezkuntzara ere bideratu baita. Helduentzako prezioa 6 eurokoa da eta 12 urtetik beherakoentzat 4 eurokoa. Izena aurrez ematea derrigorrezkoa da. Apirilaren 18an eta 20ean izango dira estreinaldiko lehen saioak.