Atzealdea "Neandertalak" erakusketa eta txango gidatua

2025 / 10 / 10

Bizkaia Arkeologia Museoak sortutako erakusketa honetan, gaur egun Euskal Herria bezala ezagutzen dugun lurraldeko Neandertalen mundu liluragarria ezagutuko duzu.

Helburu nagusia da Neandertalak benetan nortzuk ziren eta eskualde honetan izan zuten historia harrigarri eta zabala argitzea. Neandertalen biologia, bizimodua, bilakaera eta desagertzearen arrazoiak gaurkotasun handiko gaiak dira, eta horiei erantzun esanguratsuak ematen ari da Euskal Herriko erregistro arkeologikoa.

Erakusketa honetan, gure espeziea baino lehenagoko iragan urrun batera bidaiatzen da. Bidaia horretan Euskal Herriko erregistro arkeologiko zabala zeharkatuko dugu, Arlanpe, Axlor edo Lezetxiki bezalako aztarnategi ezagunetan aurkitutako lehen ebidentzietatik hasita, Aranbaltza edo Labeko Kobako azken Neandertaletaraino. Gainera, bada gizatalde liluragarri horren bizitza markatu zuten mugarri kultural eta teknologikoak aztertzeko aukera, hala nola, ehiza-tresnetan izandako berrikuntzak, teknologia aurreratua, tresnen miniaturizazioa, suaren domeinua, egindako lehen eraikuntzak edo adierazpen sinbolikoaren jatorria.

Laburbilduz, erakusketa honek, dugun ondareari buruz hausnarketa egiteko balio du, baita ondare horretan eragiteko eta datozen belaunaldiei transmititzeko moduei buruz ere.

Erakusketa hau hainbat erakunderen lankidetzari esker egin izan da, besteak beste, Bizkaia Arkeologia Museoa, Bibat (Arabako Arkeologia Museoa), Gordailua (Gipuzkoako material arkeologikoen biltegia), Nafarroako Gobernua eta Arkeologia Museoa.

Aipatutako erakunde horietako profesionalek 20 urte baino gehiago daramatzate gizarte neandertalak ikasten eta ezagutzen. 20 urte hauetan, gizarte neandertalak aztertzen eta interpretatzen diren moduan izandako aldaketa handien lekuko izan dira. Bilakaera hori da erakusketaren ardatz nagusietako bat: neandertalak lehen nola ikusten genituen eta gizarte horiek orain nola ikusten ditugun. Bere azterketan eta ezagutzan zer aurrerapen izan diren jakin nahi dugu, eta garrantzitsuena, Euskal Herrian sustatutako ikerketek neandertalei buruzko irudi eta paradigma aldaketa hori nola sustatu, bultzatu eta lagundu duten.

Erakusketa honen inaugurazioa aprobetxatuz, Anduetza parketxeak Leizarrate (San Adrian) pasabidera txango gidatua antolatu du urriaren 12an. Toki horretan, azken urteetako indusketetan, Neandertalen okupazio baten aztarnak aurkitu dira.

Txangoak ez du zailtasunik, edozein herritarrentzat egokia da. Ibilaldian emango  diren azalpenak bi hizkuntzatan izango dira. Euskarazko saioa Aldaolako aparkalekutik abiatuko da goizeko 10:00etan eta gaztelaniazko saioa 12:00etan. Aldaola aparkalekua Otzaurtetik (Zegama) 4 kilometrora dago. 

Aurreikuspena, euskarazko txangoa eguerdiko 11:30erako amaitzea da eta gaztelaniazkoa 13:00rako. Oinetako egokiak eta ura eramatea gomendatzen da. Prezioa pertsonako 6 eurotakoa izango da. Izena ematea derrigorrezkoa da, plaza mugatuak izateaz gainera, (hala balegokio), eguraldia dela medio, azken orduko aldaketaren bat balego, modu horretan antolatzaileek izena eman dutenei abisu emateko aukera izango dutelako.

Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko: 943 80 21 87 / 688 62 36 09