Atzealdea Agorregiko burdinola eta errota funtzionamenduan
Agorregiko burdinola eta errotak Iturraran Parketxetik hurbil ditugu. Bertara heltzeko Iturrarango aparkalekutik (Koordenadak: X 568369, Y 4789093) edo Manterola baserritik (Koordenadak X 569108, Y 4789747) har daiteke oinezko bidea.
XVIII. mendean berreraikitako instalazio hidraulikoari jarraituz zaharberritu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Sailak eta gaur egun martxan ikusi daiteke.
Euskal Herrian Erdi Aroaz geroztik erabili izan da ura energia sortzeko. Agirietan jasota dagoenez garai hartakoa izango zen Agorregiko burdinola, Laurgaingo jaurerrikoa; aurreneko datuak XV. gizaldikoak ditugu. Burdinola nagusia zen eta bertan burdina lortzen zen, gero burdinola txikietara eraman eta lantzeko. Lanerako lehengaiak burdin harria, egur-ikatza eta erreketako ura ziren. Errotetan berriz, gari edo arto alea xehetuz irina lortzen zen.
Agorregiren originaltasuna uraren aprobetxamendurako sisteman datza. XVIII. mendean egindako zaharberritze lanetan antepara edo ur-deposituak altuera ezberdinetan mailakatzen dituzte, ur berdina behin eta berriz erabiltzeko aukera lortuz eta ur arazoak konponduz.