Atzealdea Aralarko natura-parkearen eguna ospatuko da ekainaren 8an, Errekontan (Ausa Gaztelu ondoan)

Aralarko natura-parkea, Gipuzkoako handiena, probintziaren hego-sartaldean da eta 109 kilometro koadroko azalera du. 1994an izendatu zen.
Gure natur eta kultur ondarearen arteko lotura banaezinaren erakusleiho paregabea da, kultur paisaia garbi-garbia. Izan ere, natura-parkeko gaurko paisaia hiru giza jarduerak itxuratu dute nagusiki: abeltzaintzak, basolanak eta meatzaritzak. Aralarko gaurko ekosistemak, neurri handi batean, hiru jardun horiek moldatutakoak dira, altxor preziatuenetariko bat diren mendiko larreak lekuko –askok uste ez bezala– ez direlako berezkoak, betidanikoak, gizakiak sortutakoak baizik.
Natur ondarearen babesleku eta gordeleku ez ezik, Aralarko natura-parkea aisia-leku ezinbestekoa ere bada gipuzkoar askorentzat egun. Asko dira ingurumenaz eta ikusmiraz gozatzera, nolabait esan, «egurastera», Larrunarri (Txindoki) edo Ausa Gaztelu aldera joaten diren herritarrak. Eginkizun garrantzitsua betetzen du alde horretatik ere.
Aralarko natura-parkearen garrantzia aitortzeko, hau da, gipuzkoarrei hango landaretzak, faunak, abeltzaintza jarduerak eta aisia aukerek egiten dieten ekarpena goresteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritza nagusiak, bigarren aldiz, «Aralarko natura-parkearen eguna» antolatu du ekainaren 8an (igandez). Horretarako, Abaltzisketako Udalaren ezinbesteko lankidetza izango du, baita Etorlur sozietate publikoarena ere.
Asmoa ez da natura-parkera jende andana eraman eta hiritar kutsuko ekitaldia antolatzea, hain gutxi mendian erromeria antolatzea, natura-parkeko ondarea ezagutzera ematea eta hartaz gozatzeko era asko daudela iradokitzea baizik.
Ospakizunaren data ez da halabeharrezkoa. Batetik, artzainak mendiko larreetan dauden sasoia lehenetsi da. Bestetik, Europa mailako maiatzeko bi ospakizun aintzat hartu dira eguna zehazterakoan: 21ean Natura 2000 eguna eta, handik gutxira, 24an, Europako natura-parkeen eguna ospatzen dira Batasun osoan.
Ospakizuna gauzatzeko, esanguratsua, ederra, irisgarria eta bertan artaldea dagoen gunea aukeratu da: Errekonta (Ausa Gaztelu ondoan).
Taldean (Gipuzkoako Parketxe Sareko ingurumen-hezitzaileen gidaritzapean) bertaratu nahi duten parte-hartzaileak Larraitzen (Zamaoko aisia-lekuan) elkartuko dira eta joateko ordu eta laurdeneko/erdiko bidea egingo dute oinez. Horrenbestez, komeni da mendian ibiltzen ohituta egotea eta ura nahiz oinetako aproposak eramatea. Ume oso txikiekin joan nahi dutenentzat ez da bereziki egokia. Bestalde, ezingo da txakurrik eraman. Parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea.
Ospakizuna goizeko 11:00etan hasiko da Errekontan. Hara ailegatutakoan, parte hartzaileek han izango den artaldea bertatik bertara ikusteko eta sentitzeko parada izango dute eta aditu batek natura-parkean betetzen duen eginkizuna azalduko die, baita nola zaintzen eta ustiatzen den ere.
Ondoren, basozain batek Basabizin, Aldundiak Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko Urnietan duen zentroan, artatutako eta sendatutako hegazti bat askatuko du. Aurretik, basozainak Basabiziren funtzionamenduaz eta askatuko den hegaztiaren nondik norakoari buruzko argitasunak emango ditu.
Segidan Abaltzisketako txantxoen dantza (eta musika) emanaldia izango da. Talde hori ikusteko aukera asko ez da izaten, are gutxiago urte garai honetan eta mendian. Berezia izango da.
Hori bukatutakoan Et Incarnatus talde entzutetsuaren txanda izango da. Soka lauko-boskote batek «Menditik itsasoraino dantzan (II)» emanaldia eskainiko du Migel Zeberioren zuzendaritzapean.
Azkenik, saioa burutzeko, gazta dastaketa (eta salmenta) izango da. Edalontzia norberak eraman behar du etxetik. Ospakizuna 13:30etan bukatuko da.
Ondoren, parte-hartzaileak etorritako bide beretik oinez itzuliko dira abiapuntura ingurumen-hezitzaileen eskutik.
Aldundiak doako autobusa jarriko du Donostiatik eta Tolosatik Larraitzeraino. Zerbitzu hori erabiltzeko ezinbestekoa izango da izena ematea (barandiaran@gipuzkoanatura.eus / 943180335 / 688895069).
Hitzordua goizeko 9:30etan da, Larraitzen, Zamaoko aisia-lekuan; itzulera ordua, berriz, 14:30etan, leku berean.
Zerbitzu hori erabili nahi dutenentzat, autobusa goizeko 8:30etan aterako da Donostiatik, Ibaetatik (EHUko Psikologia Fakultatearen aurreko geltokitik), hain zuzen; 8:55ean Tolosan (Rondilla kaleko 34 zenbakiko geltokian, Musika eskolaren aurrean) geratuko da. Lauak ez dira urruti izango arratsaldean autobusa Donostiara heltzen denerako.