Atzealdea Aitzulo, Araozko hutsarte zirraragarria
Aizkorri-Aratz natura-parkean kareharrizko erlaitz, amildegi eta kobazulo zoragarriak ezkutatzen dira. Horien artean dago Aitzulo, Gipuzkoako fenomeno natural zirraragarrienetariko bat. Kareharri hau Kretazeo garaian sortu zen (orain dela 120-115 milioi urte), Euskal Herria ur azpian zegoenean. Plaka tektonikoen mugimenduaren ondorioz, arroka horiek altxatu eta gaur egun ezagutzen ditugun mendien arbasoak sortu ziren. Baina nola sortu da Aitzulo? Gezurra badirudi ere, ura izan da gaur egun ikusi dezakegun formazio geologiko berezi hori sortu duen artista, beste fenomeno natural batzuen laguntzaz, noski!
Oraindik ez duzu ingurune hau ezagutzen? Bada, Arantzazuko parketxeak antolatutako ibilbide gidatuan aukera paregabea duzu apirilaren 14an Aitzulo eta bere inguruez gozatzeko zein Aizkorri-Aratz natura-parkeko paisaiaren sorrerari eta bertan aurkitu daitekeen biodibertsitateari buruz gehiago jakiteko. Zure jakin-mina ase nahi baduzu, ez izan zalantzarik eta etorri txangora!
Zailtasun baxuko ibilaldia da, mendia gustuko duen edozein herritarrentzat egokia. Goizeko 10:00etan elkartuko gara Arrikrutzeko aparkalekua igaro eta kilometro eta erdira errepidearen ezkerraldean dagoen aparkalekuan (izena ematerakoan zehaztasun gehiago emango dira). Txangoak hiru ordu eta erdiko iraupena du, azalpenak barne, 13:30etan amaituko da. Zehaztutako aparkalekutik abiatu ondoren, taldea Aitzuloruntz abiatuko da. Bidean gidariak hainbat azalpen emango ditu natura-parkearen eta inguruneari buruz. Behin Aitzulora iritsita, atseden hartu eta hamaiketakoa egin ondoren, aparkalekurantz abiatuko gara txangoari amaiera emateko.