Atzealdea Aitzulora txango gidatua azaroaren 19an

2023 / 11 / 19
Aitzulora txango gidatua

Aizkorri-Aratz natura-parkean kareharrizko erlaitz, amildegi eta kobazulo zoragarriak ezkutatzen dira. Horien artean dago Aitzulo, Gipuzkoako fenomeno natural zirraragarrienetariko bat. Begi-nini itxura duen haitzulo hau, haranera hurbiltzen den tunel erraldoi bat da. Oraindik ingurune hau ezagutzen ez duzula? Bada, aukera paregabea duzu azaroaren 19an Aitzuloko begia eta bere inguruez gozatzeko, Arantzazuko parketxetik antolatutako ibilbide gidatuan.

Natura parkeko kareharria Kretazeo garaian sortu zen (orain dela 120-115 milioi urte), Euskal Herria ur azpian zegoenean. Plaka tektonikoen mugimenduaren ondorioz, arroka horiek altxatu egin ziren, gaur egun ezagutzen ditugun mendien arbasoak sortuz. Baina nola sortu da Aitzuloko begia? Gezurra badirudi ere, ura izan da gaur egun ikusi dezakegun formazio geologiko berezi hori sortu duen artista, beste fenomeno natural batzuen laguntzaz, noski! Gehiago jakin nahi baduzu ez izan zalantzarik eta etorri txangora!