Ezagutu gure Parketxeak

Parketxe Sarea osatzen duten parketxeen bitartez, ingurumen-hezkuntza, natura-ingurunearen ezagutza, naturarekin lotutako natur zein hezkuntza-jarduerak sustatu nahi dira, betiere ingurumenarekiko errespetuzko balioak bultzatuz. Gainera, Gipuzkoako Parke Naturalen egoeraren jarraipena burutzeko ikerketa-proiektuak aurreikusten dira.

Atzealdea Anduetza (Aizkorri Aratz)

Ezagutu Anduetza parketxea

Parketxea Zegamako Anduetza baserrian dago, Aizkorriren magalean, Aizkorri-Aratz natura-parkearen kultura eta paisaia aberastasunaz gozatzeko leku paregabean.

Aizkorri-Aratz natura-parkea ikusteko, sentitzeko eta interpretatzeko beste modu bat eskaintzen du; ez du parkeko natura aberastasuna bakarrik erakusten, honekin bat, mendeetan zehar naturaren eta gizakiaren arteko elkarbizitzak sortu duen paisaia kulturala ere azaltzen baitu.

Basoak berebiziko garrantzia izan du zegamarrentzat, ezinbestekoak zituzten gaiak eskaini baitizkie (jakia, erregaia, eraikuntzarako materiala eta abar); gehiago dena, basoarekin izan duen harremanak ingurunearekin elkarbizitzen erakutsi dio gizakiari, kultura bat sortuz: basoaren kultura.

Parketxearen lehenengo solairuan bisitariak Aizkorri-Aratz natura-parkea bertatik bertara ezagutzeko bidai bat egiten du, kostaldetik abiatuz, Erdi Aroko errege-bidean barrena, Gipuzkoako gailurreraino, Aizkorriraino. Zegama zein Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Nagusia ezagutuko ditu gero eta, azkenik, Basoaren Ahotsa ikus-entzunezkoaren bitartez, zentroaren muinean murgilduko da.

Bigarren solairuan Zegamako herritarrek modu berezian egiten dute ongi etorria eta gizaldietan zehar euren lagun kutunenak izan diren zuhaitz lepatuen besoetan utziko dute bisitaria. Gizakiaren eta basoaren arteko bizikidetzaren, antzinako lanbideen eta urte askotan ondutako ezagutzaren berri emango diote.

Ondoren, San Adrian, denboran zehar igarobidea erakusketak Aizkorri-Aratz natura-parkeko gunerik esanguratsuenetariko batera gerturatuko du bisitaria: Leizarratera (San Adriango tunelera). Eremu hartan egin diren arkeologia arloko lanetako informazioarekin, historian zehar estrategikoa izan den guneko berezitasunak ezagutzera ematen dira.

Azkenik, eraikinaren erraietara jaistean, baso benetan berezia aurkituko du bisitariak: mundu osoko 173 zuhaitz espezieren enborrekin osatutako bilduma eta Imanol Artolak bost kontinenteetako 1.500 bat egur laginekin osatutako xiloteka.

Hezkuntza Programa

Anduetza parketxeko hezkuntza eskaintza adin askotako pertsonentzat atondua dago; guztientzat egokitutako bisitak daude, askotariko gaiak lantzen dituztenak (natura-parkearen ezaugarriak, bioaniztasuna, zuhaitz lepatuak, egurra, historia, gaztagintza…). Honatx gure hezkuntza eskaintza:

Jarduerak

Anduetzan era askotako jardueretan parte hartzeko aukera dago:

  • JATEN DEN EGURRIK BA AL DAGO?

    Xilotekako egun oholtxoak eskuen artean izanda bost zentzumenak lanean jarriko ditugu. Egurren ezaugarrien bitartez, hauen erabilerak ezagutzera emango dira ere.

    Iraupena: 1h 30min.

    Prezioa: 4€

     

  • MURGISARRIKO PAGO MOTZEN BASOTXO ESPERIMENTALA

    Basotxo esperimental honetan antzinako lepatze teknika berreskuratu da, denboran zehar pago hauen bilakaera ikus dezagun. Honenbestez, natura-gordailu ez ezik, gure herri izaeraren adierazle diren pago motzak bertatik bertara ikusi ditzakezu.

  • LEIZARRATE (SAN ADRIAN), DENBORAN ZEHAR IGAROBIDEA

    Leizarrate (San Adrian) gertutik ezagutu. Aizkorri, baso artetik gailentzen den harkaitz latza da. Harresi guztiek izaten dute, ordea, igarobidea, atea; Aizkorrikoa Leizarrate da eta hango “giltza” Anduetzan dago.

  • ORIENTAZIO ZIRKUITOA

    Anduetza Parketxea abiapuntua izanik, zailtasun ezberdineko orientazio zirkuitoak daude, ingurunea ezagutzeko eta naturaz disfrutatzeko modu berri bat.

  • AIZKORRI-ARATZEN IBILI

    Natura parkeak duen ibilbide sareak aukera asko ematen ditu. Izan ere, herritar guztientzat erabilgarria izateko asmoarekin egina dagoenez gero, luzera eta zailtasun maila ezberdineko ibilbideak daude.

    Aurrekoaz gainera, beste ibilbide sarea dago Zegaman, herritik abiatuta Aizkorri mendizerraren magalean zehar hedatzen dena. Murgil zaitez Aizkorpeko ibilbideetan izenburupean sei ibilbide proposatzen dira, luzera eta zailtasun ezberdinak dituztenak. Ibilbide horietan ingurune naturala eta kulturala hobe ezagutzen laguntzen duten panelak daude.

Kokapena

Anduetza baserrian dago kokatua, Zegamako hiriguneko eraikin historiko batean.

 
Helbidea
San Bartolome Auzoa z/g, 220215 Zegama (Gipuzkoa)
ETRS89 koordenatuak
X: 557683
Y: 4758413
Harremanetarako

943 802 187
688 623 609
anduetza@gipuzkoanatura.eus

Nola iritsi?

Zegamara iristeko, N-1 errepidea Olaberrian utzi eta Idiazabalgo noranzkoa hartu behar da, Gi-2637 errepidea jarraituz. Errepidearen ondoan dagoen bidegorria segituz ere irits daiteke bizikletaz edo oinez.

Nafarroatik Zegamara sartu nahi izanez gero, N-1 errepidea Etxegarateko portuan utzi behar da, eta Gi-2637 errepidea hartu.

Anduetza (Aizkorri Aratz)-tik ibilbideak