Atzealdea Aralarko natura-parkearen eguna
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du Ataungo Udalarekin eta Enirio-Aralarko Mankomunitatearekin lankidetzan
Aralarko natura-parkea, Gipuzkoako handiena, probintziaren hego-sartaldean da eta 109 kilometro koadroko azalera du. 1994an izendatu zen.
Gure natur eta kultur ondarearen arteko lotura banaezinaren erakusleiho paregabea da, kultur paisaia garbi-garbia. Izan ere, natura-parkeko gaurko paisaia hiru giza jarduerak itxuratu dute nagusiki: abeltzaintzak, basolanak eta meatzaritzak. Aralarko gaurko ekosistemak, neurri handi batean, hiru jardun horiek moldatutakoak dira, altxor preziatuenetariko bat diren mendiko larreak lekuko –askok uste ez bezala– ez direlako berezkoak, betidanikoak, gizakiak sortutakoak baizik.
Natur ondarearen babesleku eta gordeleku ez ezik, Aralarko natura-parkea aisia-leku ezinbestekoa ere bada gipuzkoar askorentzat egun. Asko dira ingurumenaz eta ikusmiraz gozatzera, nolabait esan, «egurastera», Larrunarri (Txindoki) edo Lizarrusti aldera joaten diren herritarrak. Eginkizun garrantzitsua betetzen du alde horretatik ere.
Aralarko natura-parkearen garrantzia aitortzeko, hau da, gipuzkoarrei hango landaretzak, faunak, abeltzaintza jarduerak eta aisia aukerek egiten dieten ekarpena goresteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritza nagusiak, lehenbizikoz, «Aralarko natura-parkearen eguna» antolatu du ekainaren 16an (igandez). Horretarako, Ataungo Udalaren eta Enirio-Aralarko Mankomunitatearen ezinbesteko lankidetza izango du, baita Etorlur sozietate publikoarena ere.
Asmoa ez da natura-parkera jende andana eraman eta hiritar kutsuko ekitaldia antolatzea, hain gutxi mendian erromeria antolatzea, natura-parkeko ondarea ezagutzera ematea eta hartaz gozatzeko era asko daudela iradokitzea baizik.
Ospakizunaren data ez da halabeharrezkoa. Batetik, artzainak mendiko larreetan dauden sasoia lehenetsi da. Bestetik, Europa mailako maiatzeko bi ospakizun aintzat hartu dira eguna zehazterakoan: 21ean Natura 2000 eguna eta, handik gutxira, 24an, Europako natura-parkeen eguna ospatzen dira Batasun osoan.
Ospakizuna gauzatzeko, esanguratsua, ederra, irisgarria eta bertan artaldea dagoen gunea aukeratu da: Esnaurreta-Pikueta.
Taldean (Gipuzkoako Parketxe Sareko ingurumen-hezitzaile baten gidaritzapean) bertaratu nahi duten parte-hartzaileak Lizarrustin elkartuko dira eta joateko bi orduko bidea egingo dute oinez. Horrenbestez, komeni da mendian ibiltzen ohituta egotea eta ura nahiz oinetako aproposak eramatea. Ume txikiekin joan nahi dutenentzat ez da bereziki egokia (10 urtetik gorakoentzat). Bestalde, ezingo da txakurrik eraman.
Esnaurreta-Pikuetara ailegatutakoan han izango den artaldea bertatik bertara ikusteko eta sentitzeko parada izango dute eta aditu batek natura-parkean betetzen duen eginkizuna azalduko die, baita nola zaintzen eta ustiatzen den ere.
Ondoren, basozain batek Basabizin, Aldundiak Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko Urnietan duen zentroan, artatutako eta sendatutako hegazti bat askatuko du. Aurretik, basozainak Basabiziren funtzionamenduaz eta askatuko den hegaztiaren nondik norakoari buruzko argitasunak emango ditu.
Segidan palankarien erakustaldia izango da. Burdinazko barra bat ahalik eta urrutiena jaurtitzean datzan jokoa, behinola Euskal Herrian oso zabaldua zegoen kirola da. Artzainek biziki atsegin zuten. Horren lekuko, gure mendietan badira oraindik Palankaleku izeneko tokiak.
Hori bukatutakoan musikaren txanda izango da. Hain zuzen, Et Incarnatus talde entzutetsuko soka lauko-boskote batek «Atzoko munduko doinuak» emanaldia eskainiko du Migel Zeberioren zuzendaritzapean.
Azkenik, saioa burutzeko, gazta dastaketa (eta salmenta) izango da. Edalontzia norberak eraman behar du etxetik. Ondoren, parte-hartzaileak etorritako bide beretik oinez itzuliko dira abiapuntura ingurumen-hezitzailearen eskutik.
Egun horretan ezingo da (baimenik gabe) autoz Aralegiko zelaitik aurrera joan. Aldundiak doako autobusa jarriko du Donostiatik eta Tolosatik Lizarrustiraino. Zerbitzu hori erabiltzeko ezinbestekoa izango da izena ematea (barandiaran@gipuzkoanatura.eus / 943180335 / 688895069).
Hitzordua goizeko bederatziak eta erdietan da, Lizarrustin; itzulera ordua, berriz, lauetan, leku berean.
Zerbitzu hori erabili nahi dutenentzat, autobusa goizeko 8etan aterako da Donostiatik, Ibaetatik (EHUko Psikologia Falkutatearen aurreko geltokitik), hain zuzen; 8:30etan Tolosan (Rondilla kaleko 34 zkiko. geltokian, Musika eskolaren aurrean) geratuko da. Halaber, 9:00etan Ataungo San Martingo plazan eta 9:05ean San Gregorion azken geldiuneak egingo ditu. Bostak eta erdiak izango dira arratsaldean autobusa Donostiara heltzen denerako.