Atzealdea Arantzazutik Gomiztegi Artzain Eskolara gazta dastatzera! (Urriak 16)

2022 / 10 / 16
Parketxean bisita gidatu batez gozatu ostean baso eta larre bideetatik joango gara Gomiztegi Artzain Eskolaraino bertako gazta dastatzera!

Udazkenean sartzearekin bat, garai ilunak atzean utzi eta ohiturak berreskuratuz, Arantzazuko Adiskideak eta Arantzazu Parketxea eskutik helduta goaz gure urteko lehen mendi ibilaldiaz gozatzera. Bi urte eta gero Aizkorri-Aratz Natura-parkeaz gozatzeko txangoak berreskuratzeko asmoz, lehenengo hau berezia izango da. Zangoak martxan jarri baino lehen, bisita gidatua izango dugu parketxean; bertan, inguru honetako mendi, larre eta basoei buruz gehiago ikasteaz gain, gure paisaia kulturalen berri ere izango dugu, baso ustiapenak eta, batez ere, artzaintzak Arantzazu inguruetan duen garrantzia azpimarratuz. Ondoren, Oñatiko auzo eder honetan larrez-larre joango gara Gomiztegi Artzain Eskolaraino, paisaiaz eta ingurune naturalaz gozatzen dugun bitartean. Han Gomiztegiko lagunek artzaintzari buruzko sekretu batzuk kontatuko dizkigute eta gazta mota ezberdinak dastatzeko eta eskuratzeko aukera izango dugu. Behin mokadutxoa eginda, lasai itzuliko gara berriz ibilbide irisgarritik.

Hauxe da, beraz, Arantzazuko Adiskideak eta parketxeak elkarlanean eskaintzen dugun urteko lehen mendi ibilaldia, urriaren 16an, igandean, egingo dena. Goizeko 9:00etan elkartuko gara Arantzazuko Parketxean. Publiko orokorrari zuzendutako ibilaldia da, lasaia eta erraza. Jarduera osoak 4 ordu eta erdi iraungo du gutxi gora-behera. Ibilaldirako aurretik izena ematea beharrezkoa da.

Prezioa: 6€.

Informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko: 943782894, 699335183, arantzazu@gipuzkoanatura.eus