Atzealdea Arditurri eguna 2023
Ba al da, oraindik, kaskoa jantzi, lurraren erraietara jaitsi eta garai batean ilunpean Arditurrin lan egiten zuten meatzariek sentitzen zutena bizi izan ez duenik? Bada, uztailaren 16an aukera paregabea du hori egiteko, lurpeko eremura sartu aurretik eta ondoren, egun horretan Oiartzunen izango delako zer ikusi, ikasi eta gozatu.
Hiru urte eta gero, inoiz baino egitarau oparoagoarekin datorkigu Arditurri eguna. Gainera, jan-edana izan ezik, jarduera guztiak doan (debalde!) izango dira. Aitzakiarik ez dago, hortaz, uztaileko hirugarren igandean Aiako Harriaren magalean dauden meategietara eta parketxera gerturatzeko.
Goizeko hamar eta erdietan hasita, meategietara bisita gidatuak eta, Luberriren eskutik, paleontologia tailerra izango dira, azken hau fosilak eta garai geologikoak gaitzat izango dituena.
Hamar eta erdietatik hamaika eta erdietara (Alaiart-eko) Alaia Gaztelumendik Arditurriko mural erraldoiaren proiektua aurkeztuko du jendaurrean.
Hamaiketatik ordu biak arte, haurrentzat jolasak eta tailerrak eskainiko ditu Abaraxka ludotekak, eta bertatik landuko dute hara hurbiltzen diren gaztetxoekin muralaren parte hartzea. Ordu berean hasiko dira arruntean irekitzen ez den Arditurri-3 erromatar garaiko meatze-galeriara bisitak.
Eguerdiko hamabietan Mineralen bila irteera gidatua abiatuko da parketxetik bertatik.
Jende asko bertaraztea espero denez gero, herritar guztiek parte hartzeko aukera bera izan dezaten, egun horretan ez da aurre erreserbarik egingo eta jardueretarako sarrerak edo txartelak bertan hartu beharko dira.
Arditurrira gerturatzen diren bisitariak, izan helduak izan adin txikikoak, ez dira aspertuko, hortaz. Indarberritzeko, esan moduan, jan-edari zerbitzua izango da eta, guztia are gehiago girotzeko, Oidultz dultzainero taldea, Donavera eta Arretxe trikitilariak eta Izagirre panderojolea bertan izango dira.
Egitaraua ez da hor bukatzen, Aitzindariak, ikatzaren emakumeak erakusketa egongo baita ikusgai.
Bukatzeko, iradokizun bat: ez da aukera txarra egun horretan, bide berdean barrena, Arditurriraino txirringan (edo oinez) joatea. Bizikletak uzteko leku egokitua izango da.
Informazio gehiago behar duenak, dei beza 943495069 nahiz 688895068 telefono zenbakietara edo idatz dezala arditurri@gipuzkoanatura.eus helbidera.