Atzealdea Arritzagako kultur paisaia ikusgarriak, Aralar natura-parkean (uztailak 22)

2023 / 07 / 22
arritzaga 23

Arritzaga aldera joaten denari, ibiltzen hastearekin batera, aurrean agertzen zaion ikuspegia zirraragarria da, bihotz taupadak bizkortzen dituen horietakoa. 

Andurizko haitz zorrotzetik Basaizko harratera arteko arroila edo amildegia bihotz sentipena eragiten duen horietakoa da. Basaitzera iritsitakoan, ordea, bat-batean, paisaia erabat aldatzen da: oihal berdez estalitako harana zabaltzen da begien aurrean. Alderdi hartan, beheraxeago nagusi diren harkaitzen eta basoen ordez, abeltzaintza eta meatzaritza paisaiak gailentzen dira; behinola (duela 40.000 bat urte) glaziarra egon zen eremuan gaude... Gutxi dira Gipuzkoan begiei horrelako gozatua oparitzen dieten tokiak.

Ibilbidearen lehenbiziko zatia, Minetako bidea esaten zaiona, ez da bereziki atsegina ibiltzeko, oinentzako esan nahi da. Aurreneko hiru kilometroetan, maldan gora betiere, hauspoa berotu egiten da eta oinazpiak pixka bat minbera daitezke. Alabaina, merezi du; ez izan zalantzarik. Esaera zaharrak dioen moduan, non gogoa, han zangoa.

Bigarren zatiak (Basaizko harratean hasten denak), ikusmiraren aldetik ez ezik, ez du aurrekoarekin zerikusirik zapaltzen den lurraren aldetik, bidea, harrizkoa izan arren, askoz ere samurragoa delako. Guztiarekin, azpi gogorra duten oinetakoak eta makila eramatea ez dago soberan eta, nola ez, ura eta hamaiketakoa ere bai. 

Irteeraren helburua gozatzea da, ez besterik. Alde horretatik, paisaiak (bakarrik) jardueraren arrakasta bermatzen du. Gidariak begien bistan izango dena hobe ulertzen lagunduko duten azalpenak emango ditu, izan geologiaren arlokoak, izan historiaren nahiz hizkuntzaren sailekoak: bateko morrena, besteko antiforma, zamalekuak, meazuloak, saroiak, hausterretzak, tokien izenak... Bada zer ikusi, alajaina!

Txangoa goizeko 9etan hasiko da Beratzeagako (Amezketako) aparkalekutik eta leku berean amaituko eguerdiko 13:30etan. Hamalau urtetik gorakoentzat da, esan moduan, baduelako zailtasun pixka bat.

Izena ematea ezinbestekoa da. Horretarako 943180335 zenbakira edo 688 895 069-ra dei daiteke edota barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi. Sei euroko prezioa du irteerak.