Atzealdea Ataungo Barandiaran Museoa eta antigoaleko errota: euskal kulturaren muina
Ataungo Barandiaran Museora joatea euskal kulturaren muina ezagutzea da. Etorkizuna ez ezik, iragana ere gurea delako. Joxe Migel Barandiaran ataundar ospetsuaren bizitza eta lana ezagutu nahi duen edonorentzat Barandiaran Museoko ateak zabalik daude asteburu eta jaiegun guztietan 10:00-14:00 ordutegiaren barruan. Hilabeteko lehenengo larunbat guztietan ere arratsaldez zabalik aurkitu daiteke 16:00etatik 18:00etara.
Bisita gidatuak goizeko 11:30etan eskaintzen dira eta ordu eta erdiko iraupena izaten dute, antigoaleko errota bisitatzeko aukera ere ematen delako. Uraren indarraz zerrategi hidraulikoa eta irin-errota txikia martxan ikusteko aukera izaten da bisitarien gozamenerako.
Goiza borobiltzeko Sara ibilbidean zehar ibilaldi polit bat egin daiteke. Joxe Migel Barandiaranekin lotura handia duen ibilbidea da honakoa. Peruenezar, bere jaiotetxea eta Sara etxea aurkitzen dira Barandiaranek hain gogoko zuen ibilbide honetan. Egunero egiten zuen bueltatxoa Gaztiñerreko depositura, ibilbidearen punturik garaienera. Garai bateko herri-bideak, baserriak, baso eta larreak, erreka bazterrak, San Martin eta beste eremu batzuk batzen dira ibilbide erraz, lasai eta ederrean.