Ezagutu gure Parketxeak
Parketxe Sarea osatzen duten parketxeen bitartez, ingurumen-hezkuntza, natura-ingurunearen ezagutza, naturarekin lotutako natur zein hezkuntza-jarduerak sustatu nahi dira, betiere ingurumenarekiko errespetuzko balioak bultzatuz. Gainera, Gipuzkoako Parke Naturalen egoeraren jarraipena burutzeko ikerketa-proiektuak aurreikusten dira.
Atzealdea Barandiaran (Aralar)
Ezagutu Barandiaran Museoa
Barandiaran Museoa Ataungo San Gregorio auzoko Larruntza errotan dago. Larruntza errotaren lehenengo aipamenak XV. mendekoak dira; historia luzea du, beraz. 2003an Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen. Eraikinak antigoaleko itxurari eutsi dio, baina barrua teknologia berrienez hornitua dago. Museoak bi solairu ditu. Goikoan Barandiaranen bizitza azaltzen da, ikus-entzunezko baten bidez lehenik eta, ondoren, biografia-gelan, pantaila eta bideo didaktikoen bitartez. Beheko solairuan arkeologia eta etnografia alorrean berak egindako lanen garrantzia azpimarratzen da, errepliken, bideoen eta beste zenbait baliabideren bitartez. Larruntza errotaren ondoan Errotatxo izeneko bigarren errota eta uraren indarrak mugitutako zerrategia daude, beren aldaparo eta guzti. Egitura horiek guztiek multzo hidrauliko ikusgarria osatzen dute.
Barandiaran Museoa kanpotik ikusita
Barandiaran Museoa barrutik
Errotatxo
Haurrak parketxearen aktibitate batetan
Haurrak parketxearen aktibitate batean taloak egiten
Joxe Migel Barandiaran Aierbe 1889an Ataungo Peruenezar baserrian jaio zen eta 1991n hil jaioterrian bertan, gerraostean, erbestetik itzuli zenean, eraikitako Sara Etxean hain zuzen. XX. mendeko euskal ikertzaile garrantzitsuenetako bat izan zen. Etnologia, antropologia, arkeologia eta mitologiaren alorretan lan garrantzitsuak egin zituen. Barandiaran Museoan ekarpen horren garrantzia azpimarratzen da eta bisitariek haren bizitzari eta lanari buruzko ikuspegi zabala eta sakona izan dezaten ahalegina egiten.
Ataunen eta Aralarko Natura Parkean barrena egin daitezkeen ibilbideei buruzko azalpenen bila urte osoan zehar gerturatzen diren bisitariarentzako informazio puntu ere bada Barandiaran Museoa. Lan hau Lizarrustiko Parketxearekin batera burutzen da, ez alferrik, bi guneek Aralarko Parketxe Hedatua osatzen baitute.
Hezkuntza Programa
Barandiaran Museoko hezkuntza eskaintza adin askotako pertsonentzat atondua dago; guztientzat egokitutako bisitak daude, askotariko gaiak lantzen dituztenak (mitologia, arkeologia, etnografia, euskal kultura…). Honatx hezkuntza eskaintza:
- Ingurumen-Hezkuntza - Eskaintza orokorra
- Ingurumen-Hezkuntza - Arkeologia
- Ingurumen-Hezkuntza - Nondik dator esnea?
- Ingurumen-Hezkuntza - Mitologia bizia (HH eta LH)
- Ingurumen-Hezkuntza - Talo tailerra
- Ingurumen-Hezkuntza - Euskal kultura Barandiaranen eskutik
- Ingurumen-Hezkuntza - Zatoz udaberriaz gozatzera
Jarduerak
Barandiaran Museora etortzea euskal kulturaren muina ezagutzea da. Etorkizuna ez ezik, iragana ere gurea delako. Horregatik, antolatzen diren jarduera gehienek euskal kulturarekin dute zerikusia. Hona hemen zenbait adibide esanguratsu:
-
BISITA GIDATUAK MUSEORA ETA ANTIGOALEKO ERROTARA
Barandiaranen bizitza eta lana ezagutzeaz gainera, errota eta zerrategia martxan ikusteko aukera dago.
Bisita gidatuen eskaintza -
MITOLOGIA BIZI
Mitologia-tailerrak, MITOALDIA, ibilaldi mitologikoak…
-
TALO-TAILERRAK
Ikasiz ere goza daitekeelako, errotatxoa bisitatuz eta zerealak landuz, euskal kulturaz zerbait gehiago ikasteko aukera dago, norberak egindako talo goxoa janez, noski!
-
IBILALDI GIDATUAK ARALARREN
Natura parkeko sarea osatzen duten ibilbideen bitartez, hango ondare natural eta kulturala ezagutzeko aukera dago. Mota guztietako bisitariei egokitutako irteerak daude, norberak bere gogo eta beharren arabera aukera ditzakeenak.
Ibilaldi gidatuak Aralarren
Kokapena
Barandiaran Museoa Ataungo San Gregorio aurkitzen da, Larruntza errotan hain zuzen. Ataun Gipuzkoako hego-sortaldeko ertzean dago, Goierriko eskualdean. Probintziako udalerririk luzeena da, 14 km baititu alde batetik bestera. Museoa, udaletxea dagoen San Martin auzotik 3 bat kilometrotara kokatzen da.
- Helbidea
- Larruntza Errota z/g San Gregorio, 20211 Ataun (Gipuzkoa)
- ETRS89 koordenatuak
- X: 566693
Y: 4758717 - Harremanetarako
943 18 03 35
688 895 069
barandiaran@gipuzkoanatura.eus
Nola iritsi?
Ataunera iristeko, N-1 errepidea Beasainen utzi eta Lazkaoko noranzkoa hartu behar da, Gi-120 errepidea jarraituz. Nafarroatik etorriz gero NA-120 errepidetik irits daiteke.