Atzealdea BIZI MITOLOGIA

2021 / 03 / 13
Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak Ataunen

Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar.

Ataunen Jose Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. Zehazkiro, ahozko tradizioa paperean bilduz altxorra utzi zion herriari eta horri esker, Ataungo hainbat txoko eta istorio mitologiko ezagutarazten dira urtero Jentilbaratza Kultur Elkartearen eskutik.

Martxoaren 13an, larunbatarekin, saio berezia eskainiko da Ataungo Herri Antzokian, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak antolatuta. Euskal mitologiazko hainbat elezahar, mito, kondaira zein ipuin kontaketa saioa egingo da. Kontalaria “Marimunduko” izango da, Maitane Aizpurua ataundarra eta Jentilbaratza Kultur Elkarteko kide, baina, ez da bakarrik etorriko… Aukera paregabea da, Jose Migel Barandiaranek jasotako kondaira mitologikoak ezagutu eta giro goxo eta magiko batean arratsaldea familian igarotzeko. Ordubete inguruko saioa izango da, arratsaldeko 17:00etan hasiko dena. Aurrez erreserba egitea nahitaezkoa izango da eta prezioa 4€-koa izango da pertsona bakoitzeko.

Covid-19 osasun-prebentziorako segurtasun neurri guztiak hartuko dira: musukoa eramatea derrigorrezkoa izango da, distantziak mantenduko dira eta eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa egongo da.