Atzealdea EAEko eguneko tximeleten azterketa eta jarraipenari buruzko tailerra

2024 / 06 / 15
Tximeleten tailerra

Eguneko zein gaueko tximeletak oso garrantzitsuak dira. Inguruan ditugu eta askotan denak antzerakoak iruditzen zaizkigu, baina animalia lirain eta miragarriak izateaz gain, gauza asko dute kontatzeko ingurumenari buruz. Ingurumenaren kalitatearen adierazle eta kate trofikoetako ezinbesteko elementuak dira. Hortaz gain, polinizazioan eta plagen kontrol biologikoan paper ezin hobea betetzen dute. Bitxikeria gisa, gure hizkuntzan, tximeleta sinonimorik gehien duen hitz omen da: txinpilinpetia, pitxoleta, pinpilinpauxa…  

Tailerraren gidariak Ruth Escobés eta Yeray Monasterio lepidopteroetan adituak dira, Zerynthia elkarteko kideak. Elkarte hau erreferente da Estatu espainiako lepidopteroen babesaren alorrean. Eguneko eta gaueko tximeleten eta horien habitaten kontserbazioa, ikerketa eta dibulgazioa du helburutzat. Dibulgazioan ere zeresan handia du elkarte honek, ingurumenaren garrantziaz kontzientziatu nahi du gizartea eta horretarako jarduera ezberdinez baliatzen da: argitalpenak, ingurumen hezkuntzarekin loturiko ekimenak, populazioak babesteko kanpainak, monitorizazio programak, etab.  

HAZI Fundazioak, Zerynthia elkartearekin eta Gipuzkoako Parketxe Sarearekin elkarlanean, Eguneko Tximeleten Azterketa eta Jarraipenari buruzko tailer berri bat antolatu du “BMS Euskadi-EAE eguneko tximeleten jarraipen programaren” baitan. BMS Euskadiren helburu nagusietako bat Europako Larreetako Tximeleten Adierazlea elikatzea da. Honek informazio baliotsua ematen digu tximeleten eta nekazaritza-sistemei lotutako habitat seminaturalen kontserbazio-egoerari buruz. Era honetako programa tresna baliotsuak dira Europako biodibertsitatearen egoera eta joerak ebaluatzeko, herritarren zientzia-estrategietan oinarrituta. 

Jardunaldiaren helburua BMS Euskadin parte hartzen duten boluntarioei laguntzea da, tximeleten identifikazioari eta ekologiari buruzko trebakuntza eta datuak hartzeko protokoloen aplikazioa hobetu eta tximeletak aztertzeko interesa duten kolaboratzaile berriei lehen hurbilketa bat erraztea.  

Interesa duten herritar guztientzat dago zuzenduta, batez ere natura-gune babestuetako teknikari, basozain, langile, natur zale eta entomologia zaleentzat. Jarduera zati teorikoarekin hasiko da, ordu bateko iraupena izango du eta lepidopteroen ekologia, familien identifikazioa, ohikoenak diren espezieen zehaztapena eta BMS Euskadi-EAEko Ropalozeroen Jarraipen Programa landuko dira. Zati teoriko honetan, solasaldia erdaraz izango da. Behin jaso beharreko teoria jasota, 11:00etatik 14:00etara zati praktikoari ekingo diogu parketxe inguruan egingo dugun landa irteera batekin.  

Izena ematea derrigorrezkoa izango da, plazak mugatuak dira. Izena emateko jarraian ikusi dezakezuen formularioa erabiliko da: https://forms.office.com/Pages/ResponsePage.aspx?id=hUZI2lr4u0uXsz_RhwGrn7vgzSdSKX9JjcHgp89PO91UQjFBMkNIMUpaVzlYNVE2UUFQTjBPWkdDWC4u