Atzealdea Egitarau berezia Aste Santurako eta Pazko asterako Gipuzkoako parketxeetan

2026 / 04 / 02
Gomiztegi

Aste Santua eta Pazko astea bertantxe ditugula-eta, aurtengoan ere bete-beteko egitaraua antolatu da Gipuzkoako natura-parkeetako parketxe guztietan. Urrutira joan beharrik gabe, hurbileko inguruneaz ikastea eta gozatzea ahalbidetuko duten jarduera-sorta ederra prestatu dugu bisitarientzat, natura-gaiez eta kultur-ondareaz jantziriko proposamenez betea, bakarka, taldean zein familian egiteko modukoa.


Gipuzkoa, azalera txikiko lurraldea izanagatik, aberastasun handia duen herrialdea da eta horren adierazle dira erritmo bizian nahiz pausatuan eraldatuz joan den paisaia naturala, bai eta mendiz mendi, mendez mende gaur egun arte iraun duen ondarea ere. Uste baino aztarna eta baliabide interesgarriagoak ditugu gurean, ia ezezagunak askorentzat, eta inguratzen gaituen errealitate horretara hurbildu asmoz, honen ezagutza bultzatzeko eta ingurumenarekiko errespetuzko balioak sustatzeko sei parketxe edo interpretazio zentro ditugu probintziako lau natura-parkeetan banatuta.


Oiartzungo Arditurri parketxean, esaterako, bertako meategiak ezagutzeko aukera izango da egunero eta, horrez gain, apirilaren 3an mendi ibilaldi gidatua antolatu dute Aiako Harria natura-parkeko eremuan barrena, Arditurri meatzaritza gunean ustiatu ziren mineral eta meategien arrastoak ikusteko; azalpenak gazteleraz emango dira. Arditurri parketxeko egitarau guztia ikusi hemen.


Aizkorri-Aratz natura-parkearen oinetan, Zegamako Anduetza parketxean ere jarduera eskaintza zabala prestatu da datozen egunetarako. «Natura Eskapu» jolas berezia antolatu dugu apirilaren 2, 4, 5, 6 eta 11n. Horrez gainera, apirilaren 12an, behinola neandertalen bizileku izan zen Leizarrate (San Adrian) igarobideak mende luzez pilatu eta zaindu dituen altxorrak ezagutzeko ibilaldi gidatuaz gozatu ahal izango da, euskaraz nahiz gaztelaniazko azalpenekin. Anduetza parketxeko egitarau guztia ikusi hemen.


Aurrekoa bezala, natura-parke honetako sarbide den Arantzazuko parketxean, «Gaztagintzaren sekretuak Arantzazun» jarduera gauzatuko da (gazteleraz) apirilaren 3an, Gomiztegi Artzain Eskolan hain zuzen ere. Bertara hurbiltzen den orok, inguruneaz gozatzeaz gainera, gaztagintzaren sekretuak ezagutu, sentitu eta dastatzeko zortea izango du. Arantzazu parketxeko egitarau guztia ikusi hemen.


Ataungo Barandiaran museora joatea, ordea, euskal kulturaren muina ezagutzea da. Etorkizuna ez ezik, iragana ere gurea delako eta Aralarko natura-parkearen erakusleiho den txoko hau abagune paregabea izango da horretarako, bisita gidatuak egingo baitira museora eta antigoaleko errotara. Beste alde batetik, antigoaleko errota bistatu eta nork bere taloa egiteko eta dastatzeko aukera izango du hilaren 4an antolatuko den jardueran. Familiek «Jentilen Mundua», euskal mitologiaren inguruko erronka jolas berrian aritzeko aukera izango dute apirilaren 3, 6, 9 eta 11n. Hala ere, hori nahikoa ez eta hilaren 5ean. Lizarrustiko parketxeko hezitzaileen eskutik, Lareoko urtegi inguruan aurkitzen den kobara sartzeko eta zailtasunik gabeko espeleologia esperientzia bizitzeko aukera izango da, lur azpiko paisaia bereziak ezagutzeko eta aspaldi gure mendiotan bizi izandako gizakien azalean jartzeko. Barandiaran Museoko egitarau guztia ikusi hemen.

Aiako Iturraranen (Pagoeta natura-parkean), itsasoraino heltzen diren mendien artean ere bada Aste Santu honetarako planik. Natur-baliabideak eta giza-jarduera estuki batzen dituen Agorregiko burdinolak ateak irekiko ditu apirilaren 2tik 6ra; Euskal Herrian, garrantzia handia izan duen burdingintza ogibidearen hastapenak eta barrenak ezagutzeko aukera aparta. Hala berean, euskara eta natura uztartzen dituen orientazio jolas berria estreinatuko dute hilaren 3an, gure ingurumenaren eta hizkuntzaren arteko lotura berreskuratzeko abentura. Hurrengo egunean, apirilaren 4an, "Galdutako Erlearen Bila" jardueraren txanda izango da; familiek erleen sekretuak deskubritu eta hauen garrantziaz modu ludikoan ezagutzeko aukera izango dute. Eta, hilaren 12an, igandez, familiek hain maitea duten «Eskuak bete ore» jarduera gauzatuko da, norberak bere ogi oreari forma emateko eta etxera eramateko aukerarekin. Iturraran parketxeko egitarau guztia ikusi hemen.


Familientzat berariaz prestaturiko ekintzei dagokienez, orientazio hastapenak eta natura-aisia uztartuko dituzten aukera ezberdinak izango dira parketxe bakoitzean. Hain zuzen, meatzaritza paisaiak (Arditurri), lorategi botanikoa zein erleak (Iturraran) eta ibilbide irisgarria (Arantzazu) izango dituzte ardatz. Jarduera hauetan orientazio-oinarri batzuk ulertuko eta barneratuko dituzte partehartzaileek, gero baliagarri izango zaizkienak pista eta arrasto batzuei jarraiki, ibilbideak burutzeko (eta, zenbait kasutan, altxorra eskuratzeko!).


Urrutira joan gabe ere, bertan badugu oraindik zer ikusia eta ikasia; eta, nola ez, zer gozatua!


Jarduera horietan guztietan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da izena ematea. Horretarako eta bakoitzaren xehetasunak (egunak, orduak, adinak..) jakiteko parketxe bakoitzera dei edo idatz daiteke (www.gipuzkoanatura.eus).