Atzealdea Egitarau berezia Gipuzkoako parketxeetan
Irekieraren ondorengo lehenbiziko asteburuan, Ingurumenaren Mundu mailako egunaren ospakizunarekin bat eginez, ezin konta ahalako jarduerak izango dira Gipuzkoako lau natura-parkeetako bost parketxeetan
Natura zein kultura-ondarea ezagutzeko eta harekin gozatzeko aukera paregabea izango da asteburu honetan Aiako harria, Pagoeta, Aralar eta Aizkorri-Aratzeko natura-parkeetan. Izan ere, irekieraren ondorengo lehenbiziko asteburuan, Ingurumenaren Mundu mailako egunaren ospakizunarekin bat eginez (06/05), egitarau berezia egongo da Gipuzkoan dauden bost parketxeetan.
Lehenik eta behin, Igeldoko Arrano etxean sendatutako urubiak askatuko dira Zegamako Anduetza parketxean eta Iturraranen (Aian). Ildo beretik, GPSa jarri zaien hegazti sarraskijaleez hitz egingo Mikel Olano Arantzazun.
Bestetik, Oiartzunen, Kauso-Oielekuko mairu-baratzeak eta beste zenbait altxor ikusteko ibilaldia izango da. Orobat, San Adrian igarobidearen sekretuak ezagutzeko aukera izango da Zegaman.
Bi horiek ez dira asteburu honetan izango diren irteera bakarrak. Hain zuzen, hango ibilbide irisgarriaren barrena, Arantzazu inguruko paisaiak ezagutzeko abagunea egongo da, baita ere, Ataunen, oraingoan, Barandiaranen oinatzetan ibiltzeko eta Lizarrustiko paisaia ehundu duten zuhaitz magikoak sentitzeko. Bestalde, Aian, Pagoeta natura-parkean, Agorregiko burdinola eta erlauntzak irekiko dira.
Hori guztia gutxi balitz, familientzako orientazio jolasak egongo dira Anduetza, Arditurri, Barandiaran eta Iturrarango parketxeetan. Jarduera horiek guztiek ez dute zailtasunik ia eta gehien-gehienak herritar guztientzat egokiak dira (familientzat bereziki).
Hori bai, nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea, partaide kopuru mugatua hartuko delako. Esan gabe doa, SARS-Cov-2 birusa kutsatzeko arriskua ibitzeko prebentzio-neurriak hartuko direla.
Informazio gehiago eta izen-emateak, (hizki beltzez nabarmenduta dagoen) jarduera bakoitzaren estekan sartuta.