Atzealdea Erreka eta ibaiak oztoporik gabe - Irekibai erakusketa Parketxeetan
Nafarroa eta Gipuzkoa artean dauden Kantauri aldeko ibaiak zatikatuak daude, horixe da haien arazo nagusia. Izan ere, historiak eta geografiak baldintzaturik, Leitzaran eta Bidasoa ibaiek oztopo aunitz dituzte beren ibilian, eta guztiek ere haien jarraitutasuna eragozten dute; horrek kalte egiten die ekosistemei, bai eta haietan bizi diren espezieei ere.
Egoera hori bere onera ekartze aldera, IREKIBAI ekimena jarri da abian. Bi hitz uztartu dira haren izena osatzeko, biek ere proiektuaren azken helburuari erantzuten baitiote: IREKI eta IBAI, alegia. Ibaien berezko dinamika eragozten duten oztopoetan lanak eginez (hortaz, ibaiak irekiz, nolabait), ibaietako habitat eta espezie jakin batzuen kontserbazio egoera hobetu nahi dugu; Natura 2000ko guneetako Batasunaren Intereseko habitat eta espezieen kontserbazio egoera, hain zuzen, betiere Bidasoa eta Leitzaran ibaien arroetan kokaturikoak.
Erakusketa Gipuzkoako Parketxeetan egongo da ikusgai, hemen data guztiak:
Iturraran Parketxea (Aia): ekainaren 2tik 13ra
Arditurri Parketxea (Oiartzun): ekainaren 15etik 27ra
Arantzazu Parketxea (Oñati): ekainaren 28tik uztailaren 4ra
Anduetza Parketxea (Zegama): uztailaren 23tik abuztuaren 22ra