Atzealdea Euskal Herriko Antzinaroko jainko eta jainkosei buruzko hitzaldia
Euskal Herrian, gaurdaino, Antzinaroko bederatzi euskal jainko-jainkosen aztarnak aurkitu dira, hamazazpi aldaretan aurkitu ere. Lekukotasun horiek dira, hain zuzen ere, erromatarren garaiko hemengo sinesmenak (eta euskal hizkuntza) ezagutzeko iturri nagusia. Azkeneko biak duela hiru urte azaldu ziren.
Aldare edo ara horiek tokiko jainko-jainkosak zenbateraino azaleratzen dituzten ezin da zehazkiro jakin, euskal kutsuko izena izateak ez baitu esan nahi, ezinbestean, haiek sustrai berekoak direnik. Garbi dagoena da hemen bizi ziren gizon-emakumeek erromanizazioarekin batera heldutako sinesmenak eta adoratzeko era (kultua) bereganatu zituztela.
Euskal Herriko aldareetan ikusten diren izakiak, nolabait esan, «bereziak» dira, salbuespenen bat alde batera utziz gero, jainko akitaniarren antz handirik ez dutelako.
Beste alde batetik, Antzinaroko dibinitate horiek ez dute euskal mitologian iraun, gorde diren kontakizunetan ez dira aretan-eta dokumentaturiko jainko-jainkosak ageri eta alderantziz ere ez. Gehiago dena: bi alorretako edo garaietako euskal numenak, Antzinarokoak eta mitologian ikusten direnak, nahiko ezberdinak dira.
Hitz bitan, Euskal Herriko izaki gorenei buruzko datuak, iritziak eta aldareen eskutik osa daitekeen aierua jakitera emango ditu hizlariak Jentilbaratza elkarteak, Ataungo udalaren laguntzaz, antolaturiko VI. Mitoaldia-ren hitzaldi sortaren barruan.
Esan bezala, saioa urriaren 11n izango da (asteazkenez), arratseko 7etan, Ataungo Barandiaran museoan. Informazio gehiago behar duenak dei beza 943180335 zenbakira edo idatz dezala mezua barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbidera.