Atzealdea Euskal Herriko Erdi Aroko gazteluei buruzko erakusketa zabaldu da Ataungo Barandiaran museoan

2023 / 09 / 05
gazteluaren aztarnak

Euskal Herrian badira, beren arkitektura berezitasunengatik, aski ezagunak diren gazteluak, Erriberrikoa edo Butroekoa kasu. Alabaina, badira beste batzuk, harresi, murru gotor edo dorre apalagoak izan arren, historia nahiz istorio zinez erakargarriak eta garrantzitsuak gordetzen dituztenak.

Gipuzkoakoak bigarren multzo horretakoak dira. Hain zuzen, lehen begiratuan ez dira bereziki deigarriak eta, beharbada, horrexegatik ez dira beste batzuk bezain ospetsuak, baina historiaren aldetik duten balioa ez da gaztelu ikusgarrienen edo entzutetsuenena baino txikiagoa. Izena eta izana ez datoz bat, beste behin, gurean. Ausa Gaztelu (Abaltzisketa-Zaldibia), Gazteluberri (Altzaniko Partzuergoa) eta Jentilbaratzekoa (Ataun) dira hiru adibide garbi.

Esaerak dio, ondo babestu eta sendotutako eraikinak izanagatik, ez dagoela menderatu ezin den gaztelurik. Aipatu berri ditugun hirurak Jose Migel Barandiaranek azpiratu zituen, nola ez, baina ez armen bidez, zientzia (arkeologia) ikerketen eskutik baizik.

Gipuzkoako Erdi Aroko gazteluen garrantziaren berri emateko, Euskal Herriko Unibertsitateko Jose Migel Barandiaran Katedrak eta Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak erakusketa antolatu dute Ataungo Barandiaran museoan. Bilboko arkeologia museoan eta Gasteizko Bibat-en egona da aldez aurretik.

Erakusketan Barandiaranek Ausa Gaztelu, Gazteluberri eta Jentilbaratzeko gazteluetan egindako arkeologia lanetan eskuratutako materialak izango dira ikusgai (geziak, tronpak, gerrikoak, txanponak…), hainbat irudi, testu eta ikus-entzunezkoz hornitura.

Irailaren 7an (ostegunez) zabaldu da eta hilabete bereko 24a arte izango da irekita, Barandiaran museoko ohiko ordutegian. Irailaren 16an, larunbatez, bisita gidatuak izango dira (euskaraz eta gaztelaniaz). Izena ematea ezinbestekoa da, museora idatzita edo telefonoz hots eginda.