Atzealdea Euskal Herriko hegazti habiagileak
Akuarela, duen zailtasunarengatik, artista gutxik lantzen duten teknika da. Oleoa ez bezala, gaizki ateratzen bada, ezin da zuzendu edo gainidatzi; paperontzira doa zuzenean. Akuarelan konposizioa, marrazki ona eta kolore egokia hobesten dira.
Ramón Urain, oinarrizko adierazpide gisa, koloreak lehenetsi dituen akuarelista gipuzkoar bikaina da. Donostian jaioa, 1974an egin zuen lehen erakusketa, jaioterrian bertan. Orduz geroztik, leku askotan (Bartzelonan, Parisen...) erakutsi du bere lana, bai bakarka, bai beste artista batzuekin batera, arrakasta handiz erakutsi ere.
1981ean –José María Faus ornitologoaren aholkularitzarekin– «Euskal Herriko hegazti habiagileak» egitasmoari ekin zion. Bilduma 1990ean amaitu zuen. Aurrerago, 160 akuarelak baino gehiagok osatzen duten lan hori Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zion. Handik gutxira, Eusko Jaurlaritzak bilduma horretan oinarritutako eta izenburu bera duen liburua argitaratu zuen.
Apirilaren 4tik aurrera Arditurri parketxean, «Euskal Herriko hegazti habiagileak» bildumako 36 akuarelez osatutako erakusketa egongo da ikusgai. Ramón Urainek, gure inguruan bizi diren hegaztien alderdi morfologikoen berri emateaz gainera, haien edertasuna eta dotoretasuna erakutsi nahi ditu. Izan ere, askotan, hegan ari direla edota landarediaren artean erdi ezkutuan daudela, ez gara jabetzen xehetasun askoz.
Akuarela bakoitzak fitxa zehatz bat du lagungarri. Fitxa horietan hegazti bakoitzaren habitata, banaketa, mehatxu- eta kontserbazio-egoera, sasoia, luzera, hego-luzera, ikusteko zailtasun-maila, arrautza, habi mota eta kantua daude ikusgai eta entzungai.
Fauna eta pintura oro har eta bereziki hegazti zaleak edota akuarela zaleak direnentzat aukera paregabea da Arditurri parketxean egongo den erakusketa hau.
Erakusketa apirilaren 30era arte egongo da zabalik.
Informazio gehiagorako: 943 49 43 48 / 688 89 50 68 arditurri@gipuzkoanatura.eus