Atzealdea Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak

2021 / 07 / 10
ipuin kontaketa

Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duen argibideen multzoa da. Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar.

Jose Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. Zehazkiro, ahozko tradizioa paperean bilduz altxorra utzi zion herriari eta horri esker, Euskal Herriko hainbat txoko eta istorio mitologiko ezagutarazten dira urtero Jentilbaratza Kultur Elkartearen eskutik.


Uztailaren 10ean, larunbatarekin, saio berezia eskainiko da Arantzazuko Gandiaga I Topagunean, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak antolatuta. Euskal mitologiazko hainbat elezahar, mito, kondaira zein ipuin kontaketa saioa egingo da. Kontalaria “Marimunduko” izango da, Maitane Aizpurua ataundarra eta Jentilbaratza Kultur Elkarteko kide, baina, ez da bakarrik etorriko… Aukera paregabea da, Jose Migel Barandiaranek jasotako kondaira mitologikoak ezagutu eta giro goxo eta magiko batean arratsaldea familian igarotzeko. Ordubete inguruko saioa izango da eta bi emanaldi eskainiko dira, arratsaldeko 17:00etan eta 18:30ean. Aurrez erreserba egitea nahitaezkoa izango da eta prezioa 4€-koa izango da pertsona bakoitzeko. 


Covid-19 osasun-prebentziorako segurtasun neurri guztiak hartuko dira: musukoa eramatea derrigorrezkoa izango da, distantziak mantenduko dira eta eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa egongo da. 


Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko: 
943 78 28 94 / 699 33 51 83
arantzazu@gipuzkoanatura.eus
www.gipuzkoanatura.eus