Atzealdea Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak

2024 / 10 / 12
Ipuin kontaketa Ataunen

Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar. 

Ataunen Joxe Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. Zehazkiro, ahozko tradizioa paperean bilduz altxorra utzi zion herriari eta horri esker, Ataungo hainbat txoko eta istorio mitologiko ezagutarazten dira urtero Jentilbaratza Kultur Elkartearen eskutik. 

Urriaren 12an, larunbata, bi saio berezi eskainiko dira Barandiaran Museoan, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak antolatuta. Euskal mitologiazko hainbat elezahar, mito, kondaira zein ipuin kontaketa saioa egingo da. Kontalaria “Marimunduko” izango da, Maitane Aizpurua ataundarra eta Jentilbaratza Kultur Elkarteko kide, baina, ez da bakarrik etorriko…  Aukera paregabea da, Jose Migel Barandiaranek jasotako kondaira mitologikoak ezagutu eta giro goxo eta magiko batean arratsaldea familian igarotzeko.

Izena ematea beharrezkoa da, plazak mugatuak dira.