Atzealdea Gaueko hegazti harraparien bila (neguko azken saioa)

2025 / 03 / 15
Gaueko

Urubiak, hontzak, mozolo zein zatak uste baino ohikoagoak ditugu gure lurraldean. Gaueko hegazti harrapari hauek egunez ikusezinak zaizkigu ia, inguruko zuhaitzen adarretan, zuhaitz-zuloetan edo habia-kaxetan ezkutuan atseden hartzen baitute. Gauez, ordea, iluntasunera egokituriko begi handiek, ederki garatutako entzumen finak eta isilean hegan egitea ahalbidetzen dieten hegaldi-luma bereziek harrapari bikainak bihurtzen dituzte.

Gautxori misteriotsu hauek hurbilagotik ezagutzeko aukera izango da Ataungo Barandiaran Museoan, Nerea Pagaldai adituaren eskutik. Nerea biologoa da eta urubien inguruko doktoretza bukatzen ari da. Zehazkiro, hiriguneko eta landa-inguruneko urubien arteko ezberdintasunak aztertzen ari da. Horretarako, urubien zentsoak egiteaz gain, haiek markatu eta radiotracking bidez jarraitu ditu.

Harrapari gautarren ezaugarri orokorren inguruko azalpen dinamiko bat entzuteko aukera izango da lehenik: orientatzeko erabiltzen duten sistema, ernaltze zikloa, espezie ezberdinak, etab. Eta, jarraian, behaketa-ibilaldia egingo da, hegazti hauen kantu eta banakoen xerkan. Martxoaren 15ean, larunbata, izango da hitzordua, arratsaldeko 19:00etan.

Zailtasunik gabeko ibilaldia da, edozein herritarrentzat egokia. Linterna edo frontala eramatea gomendatzen da.