Atzealdea Gipuzkoanatura fundazioak badu logotipoa dagoeneko
[Hernani, Gipuzkonatura, 2026/10/26]. Joan den ekainaren 16an –ordu arte horrela izena zuen– Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioko patronatuak erabaki garrantzitsuak hartu zituen, besteak beste, erakundearen izena eta estatutuak aldatzea, berritzea. Izan ere, gauza jakina da izena eta izana txanpon beraren aurkia eta ifrentzua direla.
Deizioa aldatuta eta izana eraldatzeko bidean, fundazioak badu logotipo berria dagoeneko, erakundearen ezaugarri den sinbolo grafikoa, alegia. Lehenengo helburua, jakina, herritarrek gure «marka» erraz ezagutzea eta gogoratzea da; baina ez hori bakarrik, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duelako eta saiatu garelako ikur berriak gure nortasuna eta balioak adieraz ditzan.
Aurreko logotipoak hiru osagai zeuzkan: <m> hizkiaren antzeko marrazkia, haren gaineko teilatua eta «Gipuzkoako Parketxeak» hitzak. Eme kuntzako irduia denbora joanetako Mendiz mendi, mendez mende leloarekin eta egitasmoarekin lotuta zegoen. Hain zuzen ere, duela hamasei urte pasatxo hura zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendi eta Natur Eremuko zuzendaritza nagusiaren printzipio nagusietako bat, kultur paisaiak aintzatestea xede zuena. Ez dut uste dela ez dakienik kultur paisaiek gipuzkoarrok gizaldietan zehar inguruarekin eduki dugun harreman estuaren berri emate dutela. Hitz bitan esanda, Gipuzkoako Parketxe Sarea Mendiz mendi, mendez mende egitasmoaren ondorea, fruitua da. Teilatuak parketxeak irudikatzen zituen, fundazioak, emandako eginkizuna gauzatzeko zeukan eta dituen baliabide nagusienetakoak. Azkenik «Gipuzkoako Parketxeak» esapideak Probintziari egiten zion erreferentzia, bizilekua ez ezik, lanerako dugun esparruari, gure lurraldeari.
Logotipo berria ere «imagotipoa» da (barka pedantekeria!), hau da, ikono edo irudi batek eta testu batek (markaren izenak) osatzen duten ikur grafikoa; imagotipoen ezaugarria da bi zatiak modu beregainean funtzionatzeko gai direla. Hitz bitan, testua eta irudia uzkaltzen dituzten formak dira.
Eta zer adierazi nahi du, bada, fundazioaren logotipo berriak? Hainbat gauza. Lehenengo eta behin, irudi berriak geruzak erakusten ditu, mapetako sestra-kurbak iradokitzen dituztenak, besteak beste, Gipuzkoako naturaren sakontasuna eta konplexutasuna adierazteko.
Zuhaitza ere badu, nola ez, eta haren kuntza Gipuzkoako Foru Aldundiaren armarrikoan oinarrituta dago, hark sortu baikintuen, hura baita gure «ama» nolabait esateko, –Aia, Ataun, Oiartzun, Oñati, Zegama eta Zumaiako udaletxerekin batera– eradoskitzen gaituena. Alabaina, bestelakoa ere bada, enborra eta adarrak erakutsi egiten dituelako. Bada, hala berean, arbolan <T> hizkia ere ikusten duenik, NaTura-rena ikusi ere.
Guztiarekin ere, Gipuzkoanatuaren logotipoa Aldundiaren irudi instituzionalarekin bat dator (letra mota, kolorea, irudia…), goiko arrazoiez gainera, harena aldamenean izango duelako maizenik.
Nolako zura, halako ezpala. Esaera zaharrak dioena betetzeko gai izango al gara!

