Atzealdea Gipuzkoanatura web gunea abian jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Natura-parkeei, oinezko ibilbide homologatuei eta ingurumen-hezkuntzako jarduerei buruzko informazio erabilgarria eta eguneratua eskaintzen du.
Aldundiko Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiak sustatuta, web gune berria abian da gaurtik aurrera. Helburu nagusia da herritarrei natura-parkeei, oinezko ibilbide homologatuei zein ingurumen-hezkuntzako jarduerei buruzko informazio erabilgarria eta eguneratua eskaintzea.
Aurreneko begiratuan, Gipuzkoako Mendizale Federazioaren lankidetzan, Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak finkatu eta zerrendaturiko oinezko ibilbideen bilatzailea aurkituko dute erabiltzaileek. Ibilbide bakoitzaren maparekin batera, haren iraupen, zailtasun maila, luzera eta abarri buruzko informazioa ikus daiteke. Track-a ordenagailura edo GPSra jaisteko aukera ere ematen da. Ez alferrik, Gipuzkoan homologaturiko oinezko bideen 1.500 km daude.
Era berean, Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak antolaturiko ingurumen-hezkuntza eta -aisia jardueren berri jakin daiteke, bai notizien atalean, bai agendan. Gipuzkoan bost parketxe daude (Arditurri, Iturraran, Lizarrusti-Barandiaran, Anduetza eta Arantzazu), Oiartzun, Aia, Ataun, Zegama eta Oñatin hain zuzen. Aldundiak sorturiko fundazioan, aipatu herrietako udalek ere parte hartzen dute. Batez beste, urtero, 50.000 bisitari baino gehiago artatzen dira.
Natura-parkeei eta biotopoei eskainitako atalean, Aizkorri-Aratz, Aralar, Pagoeta, Aiako harria, Iñurritza, Deba-Zumaia eta Leitzarandik igarotzen diren oinezko ibilbideak eta babesturiko eremu horietako bakoitzean dauden aisia-lekuak adierazten dira. Azkenik, naturaren zaintzarako eta mendian ibiltzeko aholkuak nahiz ezbeharretarako informazio erabilgarria aurki daiteke web gune berrian, harremanetarako helbide batekin batera.