Atzealdea Urubiak berriro aske hegan Pagoetan
2022an Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lurralde Oreka Berdea Departamentuak zehazkiro, Basabizi zentroa ireki zuen Urnietan. Behinolako Arrano Etxearen lekukoa hartu du.
Basabiziren egitekoa Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzea da, animalia zaurituak birgaitzea eta sendatzea, berriro ingurune naturalera itzuli ahal daitezen.
Hain zuzen ere, abuztuaren 2an, ostiralez, Basabizi zentroan sendatutako hegaztiak libratuko dira Aian, Pagoeta natura-parkean, Iturrarango parketxean.
Bi urubi (Strix aluco) askatuko dira, berriz ere, libre-libre, hegan egin dezaten. Urubiak harrapari gautarrak dira. Arboladietan umatzen dira eta urte osoan bizi dira Euskal Herrian.
Saioan Aldundiko Basa Animali eta Landareen Zerbitzuko teknikariek (basozainek) askatuko diren hegaztiei, Basabizi zentroan egiten den lanari eta zauritutako animalia bat aurkitzean egin beharrekoari buruzko azalpenak emango dituzte.
Hitzordua iluntzeko 9etan izango da eta ezinbestekoa da izena ematea. Saioa euskaraz izango da. Prezioa: 3 €. Parte hartzeko, 943835389 zenbakietara deitu edota iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera mezua idatzi behar da aldez aurretik.