Atzealdea Hernaniko trikuharriak eta saroiak

2024 / 03 / 30
Hernaniko trikuharriak eta saroiak

Gipuzkoako trikuharri ederrenetako bat Hernanin dago, Saratsetako lepoan egon ere. Bestalde, Probintzian saroiak ederkien gorde diren tokietako bat Akola-Alkatxurain-Larregain ingurua da. Horregatik bakarrik merezi du alderdi horretara bisita egitea. Hori gutxi balitz, –askok ez dakien arren– eremu horretako zati bat Aiako Harria natura-parkearen barruan da. Are herritar gutxiagok daki esparru hori guztia behinolako Urumeako zilegimendietan dagoela. Ondarez jositako kultur paisaia zoragarri eta zirraragarri batez ari gara, beraz.

Gezurra badirudi ere, altxor horiek guztiak esku-eskura daude, Hernaniko herrigunetik (autoz joanda) ordu laurden batera. Txangoa Larregain baserriaren (sagardotegiaren) aurrean dagoen aparkalekutik hasiko da. Akola arteko bidea erraza da eta ikusmira ezin hobea, behinolako Urumeako zilegimendiek hartzen zuten lurralde gehiena ikus baitaiteke.

Natura-parkera iristearekin batera basotxo baten murgiltzen da bidea. Bide horrek, besteak beste, Saratsetako lepora eramaten du. Han dago Gipuzkoako trikuharri politenetakoa. Paisaia ez da monumentu megalitikoa baino apalagoa edo eskasagoa, itsasoa eta Beterriko zati handia ikusten baita handik.

Itzuleran, beste bide bat hartuta, Haurra galdu zan harriaren ondotik igaro ondoren, Alkatxurain baserria eta saroia ezagutzeko aukera dago. Eta handik, lasai-lasai pixka bat ibili ondoren, Larregainera iristen da berriz. Bide batez, inguru haietako leku izenen berri emango du Luis Mari Zaldua Etxabek, ez alferrik, toponimoak lurraren, izadiaren, aurkibidea baitira. Zergatik diren garrantzitsuak trikuharriak eta saroiak? Zer adierazten duten? Ba ote da harremanik bien artean? Hori jakin nahi duena betor!