Atzealdea Izan artzain egun batez

2024 / 07 / 27
Izan artzain egun batez

Ibilaldi gidatua, artzain txakur erakustea eta gazta dastaketa.

Arantzazuko Parketxeak eta Gomiztegi artzain eskolak gaztagintzaren sekretuak ezagutarazteko eta Gomiztegin bertan egiten diren gaztak dastatzeko jarduera berezia antolatu dute elkarlanean.   

Hasiera Arantzazuko Parketxetik izango da, Aizkorri-Aratz natura-parkearen bihotzean kokatua dagoena. Jarduera parketxearen ondoan dagoen ibilbide irisgarrian zehar abiatuko dira partaideak. Ibilbidean zenbait geldialdi egingo dira ingurunearekin eta Arantzazu auzoarekin zerikusia duten askotariko gaiak jorratzeko. 

Txango amaieran Gomiztegi Baserrira eta Artzain Eskolara iritsiko dira bisitariak. Han baserrira bisita gidatua eskainiko zaie, haren jatorria eta funtzionamendua ezagutzera emateko. Artzaintzak gure kulturan izan duen garrantzia ezagutzera ematea da bisitaren funtsa, ogibide hau gertuagotik ezagutzeko. 

Instalazioetara bisita batekin, gazta nola egiten den azaltzen duen diaporamarekin, artzain txakurren erakustaldiarekin eta Arantzazuko gazta ezberdinen dastaketarekin borobilduko dute goiza bisitariek. Familia edo lagunartean goiza igarotzeko plan zoragarria.