Atzealdea Izarretara begira

2025 / 10 / 18
Izarretara begira

Udazken betean murgilduta, ugari dira Arantzazu inguruetako pagadi ertz eta zoruak ondo aztertzen dituztenak. Baina, lurrera ez ezik, zerura begiratu eta bertan deskubritu daitezkeen altxorrak behatzeko leku ederra ere bada Arantzazu, inon ederrik bada.  

Zenbait urte eta gero, Arantzazu Parketxeak behatoki astronomiko bilakatuko du Arantzazuko paisaia berezia, izarretara begira jarriko gaituen saio batekin. Jesus Arregi astrofisikariaren eskutik, garai honetan gure zeruan ikus daitezkeen konstelazio eta planetak ezagutzeaz gainera, Orionidak deritzen izar-uxoak ere behatzeko aukera bikaina izango da hauxe.  

Urriaren 18an, larunbata, iluntzeko 20:30ean hasita, astrofisikari aretxabaldarrak gure eguzki-sistema eta espazioa ulertzeko azalpen batzuekin emango dio hasiera saioari parketxean bertan. Eta, ondoren, kanpora irten eta bere gidaritzapean, une horretan gure zeruan ikus daitezkeen izar eta konstelazioak behatuko ditugu.