Atzealdea Jentilen mundua jolasa

Esaera zahar batek dio “izena duenak, izana du”. Jose Miguel Barandiaran beti aritu zen izena zuen guztia ikertu nahian. Horregatik Ataunen, bere jaioterria, Euskal mitologiarekin lotutako izen eta kondaira ugari aurkitu daitezke.
Abiapuntu horretatik Barandiaran Museoak mitologian oinarritutako orientazio jolas BERRIA eskaintzen du, erronka mitologiko bat da hain zuzen ere. Jolasa ibilaldi bat gauzatuz euskal mitologiako pertsonaiak ezagutzeko aukera eskainiko duen digitalizaturiko jardun laburra izango da. Barandiaranek egin zuen bezala, pertsonaia mitologikoen urratsen atzetik San Gregorio auzoa ezagutuko da. Kondairak ezagutuko dira eta azken erronka osatu beharko da.
Ez dakigu jentil edo lamiarik agertuko den, baina familian edo lagunen artean goiz ederra pasatzeko aitzakia bikaina izango da. Maiatzaren 4ean saio berri bat eskaini da eta hitzordua goizeko 11:30etan izango da Barandiaran Museoan bertan.
Aurretik izena ematea ezinbestekoa da.