Atzealdea Lizarrusti Parketxeak berriro ireki ditu ateak erakusketa berritu batekin

Lizarrustiko Parketxeak bere kultur paisaien edertasunari eta aberastasunari buruzko ikuspegi zabala ematen duen erakusketa berritu batekin ireki ditu gaur ateak. Hala, zentroko hormek informazio berritua ematen dute inguruko biodibertsitateari eta geologiari buruz, bai eta haren historiari eta ondareari buruz ere. Gaurtik aurrera aurkitu ahal izango diren irudiek eta testuek, besteak beste, duela 4.000 urte baino gehiagotik inguru horretan ematen diren artzaintza jarduerei buruzko informazioa ematen dute. Erakusketa, bisitaria euskal pertsonaia mitologikoak ezagutzera hurbiltzeko espazio batek osotzen du.
Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu du azken urteotan areagotu egin dela herritarrek “natur ingurunearekiko eta lurraldeko naturguneetan aisialdia eta kirolaz gozatzeko joera” eta, testuinguru horretan, Gipuzkoako Parketxe Sareak jokatzen duen funtzioa goraipatu du, “gogo horri erantzunez”, lurraldeko “balio natural, historia eta kultura ondarea” ezagutarazten eta zabaltzen egiten duen lanagatik. “Gipuzkoako baso, mendi eta naturguneak, biodibertsitatearen eta paisajearen ikuspegitik duten garrantziaz gain, ongizate iturri dira herritarrentzat”, gaineratu du eta ikuspegi horretatik Lizarrustira gerturatzen diren mendizale, ikasle, familia edota herritarrek “Aralarri buruzko informazioa, jakintza zabala eta arreta pertsonalizatua” jasoko dute, bertako erakusketa berrituaren eta informazio gune berrituaren bitartez.
“Lizarrusti betidanik izan da Aralarreko sarbide edo ate nagusietako bat. Parketxeak, berriz, ate natural horretan sartzeko gonbita luzatzen digu, ate natural horri gehitzen dio ezkaratza, izan dadin babesleku, topaleku eta elkarleku, ondoren Aralarreko natura, kultura ondarea, artzantza eta historia ezagutu, bertako balioekin gozatu nahi duten guztiontzat”, gehitu du.
Urtero 2.500 pertsona inguru hurbiltzen dira Lizarrustira, gehienak ikasleak edo talde antolatuak, familiak eta mendizaleak. Erakusketa berriak euskarazko eta gaztelaniazko edukiak egokitzen ditu, eta informazio hori modu digitalean zabaltzeko aukera ematen du, QR kodeen bidez.
Erakusketa-gunea berritzeaz gain, eraikina isolatzeko lanak egin dira, eta hezetasunaren ondorioz kaltetutako eremuak birgaitu dira. Aldundiak 201.106 euro inbertitu ditu erakusketa birgaitzeko eta berritzeko.
Lizarrustiko aterpetxearen lizitazioa irekitzea
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak, Mendozarekin batera zentroaren inaugurazioan parte hartu duenak, aurkezpena aprobetxatu du Parketxean dagoen aterpetxe eta jatetxearen lizitazioaren irekieraren berri emateko. Arrutik azaldu duenez, “lizitazioa datorren otsailaren 20an argitaratuko da”, eta ordutik aurrera proposamenak aurkeztu ahal izango dira, argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun naturaleko epean. “Prozedura irekia da, eta, beraz, baldintza-agirietan jasotako baldintzak betetzen dituen edozein pertsona juridikok parte hartu ahal izango du”. Kontratuak urtebeteko iraupena izango du, eta beste lau urtera luzatu ahal izango da.
Lizarrustiko errepidean premiazko jarduketa
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak gaur onartu du premiazko jarduketa Ataungo GI-2120 errepidean, Lizarrustiko mendatearen zatian, lur-jausi batek errepidearen galtzada kaltetu duelako. Jarduketa honek, 1,4 milioi euroko hasierako inbertsioarekin, lurraren egonkortzea eta zirkulazioaren normaltasuna berreskuratzea du helburu. Gaur egun errei bakarra aurkitzen da zabalik trafikoarentzat.
Negu honetan izandako euri jasen ondorioz, lur-mugimenduak gertatu dira 52,800 eta 52,930 kilometro-puntuen artean, eta horrek desnibel nabarmena eragin du errepidean. Egoerak okerrera egin ez dezan eta bidearen segurtasuna bermatzeko, Aldundiak premiaz jardutea erabaki du.
Lanek malda egonkortzea eta errepidearen oinarria sendotzea izango dute ardatz, lurzorua finkatuz eta galtzadaren egitura berrituz. Neurri horiekin, lur-mugimendu berrien arriskua murriztea eta etorkizunean euri jasen aurrean bidearen sendotasuna bermatzea bilatzen da.
Obrak berehala hasiko dira eta, amaitutakoan, errepidea normaltasunera itzuliko da segurtasun berme guztiekin. Lanak egiten diren bitartean, herritarrak trafikoan izan daitezkeen eraginei eta ibilbide alternatiboei buruzko informazioa jasotzen jarraituko dute.