Atzealdea Mikopoteoa 2023
Urte batzuk eta gero, azaroaren 4an, berriz ere hartuko du Arantzazuk Mikopoteoa. Mikologiaren zaleek nahiz gastronomia maite duten lagunek biziki estimatzen duten jardunaldia, Arantzazuko Adiskideak elkarteak, Arantzazulab-ek eta Arantzazuko Parketxeak antolatu dute, eta laguntzaile izango ditu Arantzazuko paraje ederreko Iraipe Arantzazuko Santutegia Hotela, Goiko-Benta, Sindika eta Zelai-Zabal jatetxeak.
Perretxikoak gure basoetako altxor preziatuak dira, duten garrantzia biologikoa ez ezik gozamen hutsa direlako gure mahai gainean. Baina kontuz, denak ez dira horren onuragarriak, badaudelako pozoitsuak zein hilgarriak izan daitezkeen perretxikoak ere. Mikopoteo jardunaldian Raul Fraile mikologo aditua izango dugu gure artean “Perretxiko jangarriak, antzekoak diren toxikoak eta ez bereiztearen ondorioak” hitzaldia ematen. Honetan, perretxiko jangarriak eta horien antzekoak diren pozoitsuak desberdintzeko gakoak emango dizkigu. 18:00etan emango zaio hasiera ekitaldiari, Gandiaga Topagunean.
Hitzaldia amaituta, 19:15ak bueltan, Arantzazuko gastronomia-zirkuitutik barrena ibilbidea hasiko da, Zelai-Zabaletik Iraipe Arantzazuko Santutegia Hotela arte, eta handik, Goiko-Benta eta Sindikara. Mikopintxo bakoitzak 1,5€ -ko salneurria izango du, eta edaria ostatu bakoitzaren prezioen araberakoa izango da.
Aisia, kultura, natura eta gastronomia uztartzen dituen ekintza honen hamargarren edizioa izango da aurtengoa, eta, horrenbestez, aurtengo ekitaldi honetan ere, mikologia gai interesgarriaren inguruan ikasiz, arratsalde entretenitu eta atsegina pasatzera gonbidatzen zaitugu Arantzazura!