null Muniskuegañeko multzo megalitikora, Zilegimendietan barrena

2020 / 09 / 19

(Hernani, Gipuzkoako Parketxe Sarea, 2020/09/19).

Gutxi dira Gipuzkoan Muniskuegaña (Mulisko gaña) bezain toki kitzikagarriak. Lehenik eta behin, kokapenarengatik eta handik dagoen ikusmirarengatik; izan ere, besteak beste, behinola Urumeako Zilegimendiak izan zirenen zati handia bertatik bertara ikusten da handik, gertu-gertu, esku-eskura. Hango mendiak, basoak, larretokiak, errekak…, a zer nolako ikuskizuna!


Bigarrenik, Muniskuegañan dagoen multzo megalitikoarengatik: zutarri bikaina, zista bikoitz paregabea, hiru cromlech, zein baino zein dotoreagoak… Leku gutxitan dago horrelako arkeologia ondarea hain eremu txikian. Gainera, azken urteetan Hernani eta Urnietako udalek egindako ahaleginari esker, oso zaindua dago multzo guztia. Alde horretatik, atentzioa ematen du, zorionerako eman ere.


Haraino iristeko bidea ere ez da hutsala. Paisaia zoragarriaz gainera (itsasoa eta Beterriko zati handia ikusten da hainbat puntutatik), bidean zuhaitz lepatuekin, saroiekin, betizuekin eta beste hainbat altxorrekin goza daiteke. Eta, jakina, ezin ahantzi bide erdian dagoen Pozontarriko lepua izeneko dolmena. Aztarna horiek guztiak behinola Urumeako zilegimendiek abeltzaintzarren eta basolangintzaren arloan zuten garrantziaz mintzo dira. Nornahiri hautatzen zaizkio begiak horretaz guztiaz.


Hori guztia gutxi balitz, Muniskuegañeraino iristeko bidea erraza eta egokia da, edonork egiteko modukoa. Alde horretatik ez dago aitzakiarik.


Aukera ederra eskaintzen dugu, beraz, irailaren 19an, larunbatez, goiz-pasa polita egiteko. Abiapuntua Urnietako Besadegi (Besabi) paraje ezaguna da eta hitzordua goizeko 10ak. Irteera eguerdiko 14etan amaituko puntu berean. Jarduerak 5€-ko prezioa du eta izena ematea ezinbestekoa da.

Informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko:
943 49 50 69 / 688 89 50 68
arditurri@gipuzkoanatura.eus    
www gipuzkoanatura.eus