Atzealdea Indusketak zuzenean Leizarrateko (San Adriango) igarobidean
Urtero, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek, Zegamako Udalarekin elkarlanean, San Adrian igarobidea (Leizarrate) induskatzen eta aztertzen dute, eta hauxe XIX. kanpaina arkeologikoa da. Udaro, aparta den igarobide honen sekretu berriren bat aurkitzen da: Erdi Aroko gotorleku bat, brontze garaiko babesleku bat, erromatarren garaiko aztarren bat... Baina iazko aurkikuntza aparta izan zen: neandertalek kobazuloa babesleku bezala hartu zutela frogatzen zuten aztarnak aurkitu ziren eta.
Aurreko urteetan, duela 14.000 urte inguruko Goi Paleolitoko maila batean induskatu ondoren, okupazio zaharragoak egon zitezkeela susmatzen zen... Berreskuratutako aztarnen argitan gaur badakigu neandertalek duela 40.000 urte baino gehiago igarobidea erabili zutela.
Txango gidatu honetan, bertan izango diren arkeologoek neandertalen azken aurkikuntza arkeologikoak ezagutzera emango dizkigute in situ. Gainera, antzinako hominido horri buruz hitz egingo dugu; ezaugarriak, berezitasunak, ohiturak... baina
oraindik asko dago ikertzeko. Eta nola ez, igarobide esanguratsu honetan izan diren biztanleen garai historiko bakoitzaren errepasoa egingo da. Ahaztu gabe igarobide ospetsu eta magiko hau Aizkorri-Aratz natura parkean dagoela.
Anduetza parketxeak antolatu duen datorren larunbaterako, uztailaren 5erako, txangoak ez du zailtasunik, edozein herritarrentzat egokia da. Ibilaldian izango diren azalpenak bi hizkuntzatan dira. Euskarazko saioa Aldaolako aparkalekutik abiatuko da goizeko 10:00etan eta gaztelaniazko saioa 12:00etan. Aldaola aparkalekua Otzaurtetik (Zegama) 4 kilometrora dago. San Adrian igarobideko (Leizarrateko) ibilbidea Anduetza parketxeko hezitzailearekin egingo da. Ondoren, igarobidean Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek indusketa arkeologikoaren berri emango digute.
Aurreikuspena, euskarazko txangoa eguerdiko 11:30erako amaitzea da eta gaztelaniazkoa 13:00rako. Oinetako egokiak eta ura eramatea gomendatzen da. Prezioa heldu bakoitzeko 6 eurotakoa izango da eta haurrena (8 urtetik 12ra) 4 eurotakoa. Izena ematea derrigorrezkoa da, plaza mugatuak izateaz gainera, (hala balegokio), eguraldia dela medio, azken orduko aldaketaren bat balego, modu horretan antolatzaileek izena eman dutenei abisu emateko aukera izango dutelako.
