Atzealdea Neandertalak San Adrian (Leizarrate) igarobidean

2024 / 09 / 29
San Adrian

Urtero, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek, Zegamako Udalarekin elkarlanean, San Adrian igarobidea (Leizarrate) induskatzen eta aztertzen dute, eta aurten XVIII. kanpaina arkeologikoa izan da. Udaro, aparta den igarobide honen sekretu berriren bat aurkitzen da: Erdi Aroko gotorleku bat, brontze garaiko babesleku bat, erromatarren garaiko aztarren bat... Baina iazko eta aurtengo aurkikuntza aparta izan da: neandertalek kobazuloa babesleku bezala hartu zutela frogatzen zuten aztarnak aurkitu dira eta. 

Aurreko urteetan, duela 14.000 urte inguruko Goi Paleolitoko maila batean induskatu ondoren, okupazio zaharragoak egon zitezkeela susmatzen zen... Berreskuratutako aztarnen argitan gaur badakigu neandertalek duela 40.000 urte baino gehiago igarobidea erabili zutela. 

Txango gidatu honetan, neandertalen garaiko azken aurkikuntza arkeologikoak ezagutzera emango dira. Gainera, antzinako hominido horri buruz hitz egingo dugu; ezaugarriak, berezitasunak, ohiturak... baina oraindik asko dago ikertzeko. Eta nola ez, igarobide esanguratsu honetan izan diren biztanleen garai historiko bakoitzaren errepasoa egingo da. Ahaztu gabe igarobide ospetsu eta magiko hau Aizkorri-Aratz natura parkean dagoela.