Atzealdea Non dira pottokak?

2025 / 07 / 27
Pottokaleku

Ba al zenekien pottokei mamuten garaiko zaldiak deritzela? Paleolito garaitik gaurdaino euskal lurraldea habitatu duen zaldirik zaharrenak ditugu hauek. Orain gutxira arte ia galzorian ere egon den arraza horrek gure herriarekin izandako elkarbizitza luzearen ondoren uste baino aztarna gehiago utzi dizkigu gure kulturan, egunerokoan, ohituretan etab.   

Arantzazuko Pottokalekuk izaki hauen inguruko bitxikeriak ezagutarazi, hurbiletik ikusi eta sentitzeko aukera ezin hobea eskaintzen dio bertara hurbiltzen denari. Pottokaren Interpretazio Zentroko Jon Elortzaren eskutik, animalia hauek ezagutuko ditugu, hauek orraztu, laztandu, jaten eman, uhalak jarri, gidatu eta hauen gainean ibiltzeko aukera izango dugu.  

Goizeko 11:00tan hasita, euskal zaldi hauen inguruko azalpen dinamiko bat emango da aurrena eta, jarraian, Pottokaleku zentroan bizi diren pottokak ezagutuko ditugu, haiekin kontaktua egin eta uda goiz eder bat igaro asmoz; etxekoekin ondo pasatzeko prestatutako esperientzia da, txikienek guraso eta lagunekin parte-hartu eta elkarreraginean egon daitezen, ingurunearen ezagutza eta animaliekiko errespetua sustatzeko helburuarekin. 

Horrela, uztailaren 27an, igandean, Pottokalekura (Arantzazu) gonbidatzen zaituztegu. Parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa izango da eta egunean bertan arropa edo oinetako eroso eta aproposak ekartzea gomendatzen da.