NONDIK DATOR ESNEA?

2022 / 11 / 20
iztu azaroa

Iztueta Baserrian belaunaldietako esperientzia dute esne behiekin lan egiten. Beren animalien ongizatea eta elikadura zaintzen dituzte, ingurugiroa eta iraunkortasuna oinarri hartuta. Gainera, ziklo guztiaz arduratzen dira, beren produktuetan kalitate gorena bermatzeko. Iztuetan oso barneratuta dute behiak direla proiektu honen ardatz nagusia; behiek eskaintzen dieten esnea da euren sorkuntza guztien oinarria eta, esnea goi mailakoa izateko, behiak ere halakoak izan behar dute, beraz, euren zaintza egokian oinarritzen da lanaren parte handi bat. 

Familian igande goiz eder bat pasatzeko proposamena luzatzen dizuegu, beraz, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak eta Iztueta Baserriak antolatuta, datorren azaroaren 20rako. 

Iztueta Baserriak bere abereak, ukuilua, zelaiak, esnetegia eta baserria erakutsi nahi dizkie jarduerara bertaratzen diren bisitari guztiei. Baserriko bizimodua ezagutzeaz gain ekoizten dituzten kalitate handiko produktuak dastatzeko aukera izango dute bisitariek, eta, bide batez, inguruko paisaia paregabeaz gozatzekoa.

Hitzordua goizeko 11:00etan izango da baserrian bertan eta 2 orduko iraupena izango duen bisita egingo da. Helduek 12€ ordaindu beharko dituzte eta 6€ haurrek. Aurrez izena ematea ezinbestekoa da, Aralarko parketxearekin harremanetan jarriz 943 18 03 35 / 688 895 069 telefonoen bidez edota korreo bat idatziz barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbidera.